Bizilagun gehienek ezagutzen dute elkar Azkaraten (Nafarrroa Beherea). Sekretu gutxi gorde daitezke 300 biztanleko udalerri txiki horretan. Gauza bera gertatzen da euskal Pirinio eremuko 103 udalerrietan; horietatik ehun herri dira mila biztanle baino gutxiagokoak.
Gazteen artean harreman estu horiek galduz joan dira, ordea, askok eta askok inguruko hirietara alde egin behar izan baitute. Gazteen hutsunearekin herria zahartzen ari da, eta Jean-Mixel Galant Azkarateko auzapeza beldur da belaunaldi biren arteko soka hori ez ote den guztiz hautsiko: “Gazteek hirietan aurkitzen ez duten ingurumena behar dute hemen sentitu. Gainontzean, hau basamortu bilakatuko da”.
Kezkaz esplikatu du emigrazio horren arrazoietako bakoitza BerriaTBri egindako adierazpenetan, ahotik ateratako hitzak herritik alde egitera doazen gazteak balira bezala. “Biztanleria ttipituz doan heinean mendi aldeko herrietan zerbitzu publikoa desagertuz doa emeki-emeki. Baigorriko eskualdean ez dugu medikurik, eta adineko jendea arrangura da. Horrek jende gaztea lotsarazten du”.
Jarduera ekonomiko urria
Zalantzaz betetako maleta eskuan inguruko hirietara alde egiteko erabakia aztertu eta erabaki horren alde onak eta alde txarrak balantza batean jarriz gero, ez da zalantzarik lanak bere biziko garrantzia izango lukeela. Jarduera ekonomikoa urria da eremuan eta, halabeharrez, autoenplegua da aterabide bakarra bertan bizi direnentzat. Datu gisa, langileen herena autonomoa da. Laborantzak jarraitzen du izaten ekonomiaren muina, baina sustapenik gabe nekazal ustiategien laurdena galdu da azken hamarkadan.
Azken datu hauen berri Udalbiltzak eman zuen urte hasieran, urtarrilean Euskal Pirinoetan lan eta bizi ekimena aurkeztu zuenean. Guztiz adierazgarriak dira datuok, eta arazoaren garrantziaz jabetzeko balio dute. Twitter sare sozialean ere argitaratu dituzte #EuskalPirinioak traolarekin.
Honatx adibide batzuk: azken mendean Euskal Herriaren populazioa %166 hazi den bitartean, euskal Pirinioetako zonaldean ia erdira jaitsi da. Jendea periferiara kondenatua dago; Iruñea-Baionak metatzen baitituzte zerbitzuak, eta hara iristeko, batez beste, 67 kilometro daude errepidez. Ikasle batek euskarazko hezkuntza jasotzeko ikastetxera joan-etorrian egunero 70 kilometro egin behar ditu; Euskal Herrian distantzia erdia da, 35. Datu zerrenda osoaren lagin bat baino ez da aurrekoa.
Lantegi mintegia, Garazi-Baigorrin
Hala eta guztiz ere baikor da Galant. Garazi-Baigori Herri Elkargokotik proiektu berri bat abiaraztekotan dira: lantegi mintegi bat. Galanten hitzetan “zonalde honetan enterpresak ttipiak dira, eta gazte batek bere enterpresa nahi baldin badu sortu, bere ametsak egi bihurtu, ingurumen bat sentitu behar du”.
Argi printz gehiago ere somatzen ditu Galantek, besozabalik jaso baitu Udalbiltzak urte hasiera abiarazi zuen Euskal Pirinioak lan eta bizi ekimena: “Aurrerapauso handia da, batik bat mugaz gaindi delako”. Programa honek Nafarroa, Nafarroa Behere eta Zuberoako 103 udalerritan eragingo du eta bertako jarudera ekonomikoak, egitasmo sozialak eta mugaz gaindiko saretzea sustatzeko hogei egitasmo diruz lagunduko ditu. Denera 120.000 euro jarri dituzte eta martxoaren 31ra arte aurkez daitezke proiektuak.
Programa barruan bost lan lerro kokatzen dira, eta momentu honetan horietatik hiru daude martxan: Eragin, Elgarrekin eta Garapen Soziala. Eragin jarduera ekonomikoak sustatzeko bideratutako programa da, ekintzailetasuna bultzatzea xede duena; bigarrena, Elgarrekin, mugaz gaindiko harremanak sustatzeko jaio da eta gehienbat entitateei zuzenduta dago; eta hirugarrenak, Garapen Sozialak, entitateek pirinioetako zonaldean gara ditzaketen proiektu sozialak bultzatzeko helburua du.
"Hustutze demografikoak, euskararen galera"
Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariordea pozik da orain arte jasotako erantzunarekin, eta programa bera eta deialdia ahalik eta jende gehienarengana zabalduko den itxaropena du. Beharrizana ikusten du Iturrek, bere esanetan euskal Pirinioak Euskal Herriko zonalderik “deprimituenetarikoa” baita.
“Gaindegiarekin daukagun akordio baten bidez Euskal Herriari begira deitzen den datu ataria sortu dugu, eta hor adierazle ezberdinen arabera ikusi dugu demografikoki ez ezik kulturalki ere zein egoera larrian dagoen zonaldea. Ez da ahaztu behar, hustutze demografiko horrek berarekin dakarrela euskararen eta kultur adierazpen askoren galera”.