Sortu ezker abertzaleko alderdia atzotik dago formalki Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren Alderdi Politikoen Erregistroan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ekainaren 20an legeztatu zuen Sortu, Gorenaren debekua atzera botata, eta, alderdiaren abokatu taldeak tramite batzuk bideratu ostean, Sortuk lortu du alderdi gisa erregistratzea, BERRIAk jakin duenez.
Barne Ministerioaren idatzian ageri denez, alderdiaren helburuak Euskal Herriaren independentzia, erabateko euskalduntzea, sozialismoa, justizian eta askatasunean oinarritutako bakea, feminismoa, herrien arteko elkartasun internazionalista eta anti-inperialismoa, eta demokrazia parte hartzailea daude. Alderdiaren jarduera eremua Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoa izango da.
Konstituzionalak bere ebazpenean zioen Sorturen sustatzaileei alderdi politikoa eratzeko eskubidea urratu egin ziela Gorenak eta, ondorioz, baliogabetu egin zuen honek iazko martxoaren 23an emandako debekua.
Estatutuak, 2011ko otsailetik
Sortuk 2011ko otsailaren 7an aurkeztu zituen estatutuak Bilbon, jendaurrean, eta handik bi egunera joan zen Madrilera, Barne Ministerioan erregistratzera. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak Bilboko ekitaldian zioenez, alderdi politiko berria printzipio berrietan oinarritzea erabaki zuten, "neurri historikoa duen hausnarketa baten" ondorioz. Bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa agertu zuen Sortuk, "irmoa eta zalantzarik gabea".
2003ko martxoan hasi ziren ezker abertzaleko alderdi edo plataforma politikoen aurkako ilegalizazioak; Auzitegi Gorenak urte hartako martxoan utzi zituen legez kanpo Batasuna, HB eta EH, "ETAren tresna eta ETAkoak" zirela jota. Espainiako Alderdien Legea 2002ko ekainean onartu zuten.