sortu-ren erregistroa

Sortu ez erregistratzea erabaki du Auzitegi Gorenak

Espainiako auzitegiko 61eko aretoko hamahiru magistratu horren alde agertu dira, hiru kontra. Ezker abertzaleko alderdiak Konstituzionalera helegitea sartzeko aukera du orain. Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari arrazoia eman die Gorenak; Sortu Batasuna legez kanpoko alderdiaren jarraipena dela diote haiek. Herenegun eta atzo egin zituzten auzi saioak.

2011ko martxoaren 23a
22:15
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak Sortu ezker abertzaleko alderdia ez erregistratzea erabaki du, 21:50ak aldera jakin denez. Aretoko hamahiru epaile erregistroaren aurka azaldu dira eta hiru alde, boto partikularra emanda. Astelehenean eta atzo egin zituzten Gorenean auzi saioak, eta magistratuak gaur goizeko hamarretatik deliberatzen izan dira. Autoa datozen egunotan jakinaraziko dute, Goreneko iturriek esan dutenez.

Sortuk orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalera helegitea sartzeko aukera du. 30 eguneko epea dauka. Udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 22an izango dira. Litekeena da astirik ez izatea bozetara aurkezteko.

Gaurko erabakiarekin, Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari arrazoia eman die Gorenak. Biok atzoko saioan euren inpugnazioko tesiei heldu zieten: Sortuk ez duela ETArekin eta Batasuna ezker abertzaleko legez kanpoko erakundearekin hautsi, eta Batasunaren jarraipena dela. Fiskalak onartu egin zuen Sortuk bete-betean erantzuten diola legeari, baina dena "itxura" dela zioen, eta alderdiaren estatutuek ETAri aipamena egitea haren kontra egiteko erabili zuen; ”legeak ez du horrenbeste eskatzen. Beste alderdiek ez dute egin; ez Aralarrek ez beste inork”. 

Defentsak berretsi egin zuen haustura egon dela; hain zuzen, ezker abertzaleko eztabaidak ETArekin haustea ekarri duela esan zuen Iñigo Iruin abokatuak, eta adierazi zuen inoiz ez dutela ukatu Sortu ezker abertzaleko alderdia dela baina, legearen arabera, hori ez dela nahikoa legez kanpo uzteko.

Otsailaren 7an aurkeztu zituen estatutuak Sortuk 

Sortuk otsailaren 9an eman zuen izena Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan, bi egun lehenago jendaurrean estatutuak aurkeztu ondotik. Ministerioak erregistrorako pausoak moztu egin zituen, eta Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari eman zizkien estatutuak, azter zitzaten. Horiek inpugnazioa sartu zuten Gorenean.

Hauteskunde epeak

• Alderdien parte hartzea. Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, jakina, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru bozak aurten maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Alderdi berriak hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko du.

• Zerrendak. Deialdia egin eta 15. egunetik 21.era bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek zerrendak (apirilaren 13tik 18ra). Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.