Covite elkarteak Sortu legez kanpo uzteko eskatu du, alderdi horretako presidente Hasier Arraizek jakinarazi ondoren Sortuk ordaintzen duela Ines del Rio euskal presoaren auziaren defentsa. Coviteren iritziz, presoaren defentsa pagatuta "agerikoa" da Sorturen eta ETAren arteko "lotura".
Onda Vasca irratian elkarrizketatu dute Arraiz. Esan duenez, Sortuk ordaintzen ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegian 197/2006 doktrinari aurre egiten ari diren abokatuen kostuak. Hain justu, Estrasburgok gaur zortzi aztertuko du Ines del Rio presoaren auzian Espainiako Gobernuak jarritako helegitea onartzen duen.
Arraizek esan du ez duela uste Del Rioren defentsa pagatzea "delitu" bat denik. Gaineratu duenez, jakin badaki Espainiako Gobernua "presio" egiten ari dela Parot doktrina aztertu behar duten epaileei eta estatuei. Arraizen hitzetan, Espainiako Segurtasun idazkari Francisco Martinez Vazquez hainbat hedabiderekin batzartu zen, "gizartean alarma sortzen lagun dezatela eskatzeko".
"Batasuna berri baten" sorreraren aurrean "begiak irekitzeko" eskatu dio Covitek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.