Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak eta Amaia Izkok erakundeetako kideei eskatu diete Espainiako auzitegiek ezarritako legeak justuak iruditzen ez zaizkienean ez ditzatela bete. Ideia hori oinarri hartuta, EAJk Ertzaintza Urtza Alkorta atxilotzera bidali izana kritikatu du Barrenak. Eta esan dute Iñigo Urkullu lehendakariak jarrera "lau, desilusionagarri eta zerbitzaria" izan zuela Alkortaren atxiloketan.
Barrenaren ustez, "gobernatzaile bati legeak justuak iruditzen ez zaizkionean, haren eginbeharra duintasunez horiek ez betetzea da". Eta nabarmendu du hori ez dela Urkulluk egin duena. "Ondarroan gertatutakoa beste egoera batzuetan ere salagarria izango litzateke, baina jokaleku politiko berri batean gauden heinean are gehiago da; herritarren artean beldurra zabaltzeko egiten zuten soilik".
Horrez gain, esan du joan den asteazkenean argi geratu zela "nork erabiltzen duen indarkeria agindu judiziala betetzeko", eta "nork egin zion horri aurre duintasun eta erresistentzia baketsuarekin".
Urkulluri galdetu dio ea EAJk baduen planik etorkizunean arrazoi politikoak dituzten atxiloketa gehiago egin ez ditzaten.