Sortuko zenbait militantek eta Africa United kulturarteko elkarte antirrazistako kideek protesta ekintza bat egin dute goizean Iruñean, arrazakeria eta polizia bortizkeria salatzeko. AEB Ameriketako Estatu Batuak astindu ditu polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra Minneapolisen (Minnesota) hiltzeraino ito izanak, eta protestariek, haren heriotza gaitzestearekin batera, gogoratu dute Iruñeko Arrotxapea auzoan Elhadji Ndiaye senegaldarra Espainiako Poliziaren esku zegoela hil zela 2016. urtean. «Euskal Herrian ere ez gaude arrazakeria eta polizia indarkeriatik salbu», salatu dute.
Lore eskaintza bat egin ondoren, parte hartzaileak belauniko jarri dira ukabila altxatuta, AEBetan protestarako erabili izan duten keinua eginez. «Milaka lagunek ikusi, sentitu eta pairatzen duten eta beste guztioi gure buruetan horrenbeste ikustea kostatzen zaigun arrazakeria horren aurka borrokatuko gara», adierazi dute antolatzaileek ohar batean.
🔴George Floyden hilketa dela eta, Sortuk eta United Africak arrazakeria eta polizia-indarkeria salatu dugu.
— Sortu Iruñea (@SortuIrunea) June 5, 2020
Hemen ere ez gaude salbu: 2016an Espainiako Poliziak Elhadji Ndiaye erail zuen.
Bihar #Blacklivesmatter kontzentraziora joateko dei egiten dugu#GoraHerriapic.twitter.com/7RLBKnRHRU
Africa United, Afrikako Lorea, Euskal Herria 11 Kolore, Iruñea Harrera Hiria, Mugak Zabalduz karabana, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Paperak eta Eskubideak Denontzat dira biharko elkarretaratzearen deitzaileak. 12:00etan egingo dute, Marcelo Zelaieta eta Artika kaleen artean, Black Lives Matter lelopean.
Ndiaye hil osteko egunetan, Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zein zegoela konturatu ziren ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta, polizia iturrien arabera, ez zuten indarkeria zantzurik aurkitu. Iruñeko 5. Instrukzio Auzitegiko epaileak esan zuen «heriotza naturala» izan zela hura, eta auzia artxibatu zuen. Hala ere, zenbait lekukok grabatutako irudiek zalantzak jarri zuten bertsio ofiziala. Lekuko horien arabera, poliziek konorterik gabe utzi zuten Ndiaye kalean bertan, eta egoera horretan eraman zuten atxilo.