Sortu-ren erregistroa

Sortuk "giza eskubideen urraketa guztien arbuioa" egiten du

Ezker abertzaleko alderdiak berretsi du ez dela "legez kanporaturiko alderdien jarraipen organizatibo eta funtzionala". Aurreko astean izandako ustezko kale erasoak errefusatu egin ditu. Espainiako Justizia ministroak dio nahikoa froga daudela Sortu Batasunaren jarraipena dela frogatzeko eta ez duela Alderdien Legea betetzen. Iñigo Urkulluk Sorturi eskatu dio "ekintzak ekintzekin" frogatzeko. Zapatero: "Ezker abertzaleak zailtasunak izango ditu ETA dagoen artean".

2011ko martxoaren 10a
19:56
Entzun

Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoak berretsi egin du "edozein bortxaren aurka" dagoela. "Indarkeria ez dugu errefusatzen giza eskubideen urraketen arteko ekidistantzia posizio batetik, urraketa guztien arbuiotik baizik. Gainontzeko eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera indarkeria oro desagertzeari —ETArena ere espreski— gure ekarpena egin nahi diogu, era aktiboan. Euskal gizartearen nahi horrekin bat egin nahi du Sortuk, inoiz inork ez dezan indarkeria erabil proiektu eta ideia politikoen defentsan", adierazi du alderdiak gaur, prentsa ohar batean.

Guardia Zibilak egunotan zabaldu du ETAk iaz burutazioa izan zuela Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren kontra atentatua egiteko, eta Sortuk hori ere aipatu du oharrean. "Zuzenbidezko estatu batean oinarri den hiritar ororen errugabetasun presuntzioaren errespetua kontuan izanik, eta hainbat hedabidetan agerturiko ustezko eta balizko bortxa ekintzak burutzea helburu luketen jardueren planifikazioak direla eta —horien artean Patxi Lopez lehendakariaren aurkakoa—, berretsi egin nahi dugu edozein bortxaren aurka gaudela".

Hain zuzen, lehengo astean Bilbon eta Galdakaon ustezko lau etakide atxilotu ondoren zabaldu du Guardia Zibilak ETAk 2010ean Lopez eta Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren aurka atentatua egiteko asmoa zuela.

Aurreko astean, Gasteizen ustez kale eraso batzuk izan ziren, eta Portugaleten PPren alkategaiaren aurkako pintaketak azaldu ziren; Sortuk argitu du "indarkeria eta mehatxu ekintza horiek errefusatu" egiten dituela.

Halaber, "azken tortura kasu larrien eta militante independentisten aurkako jazarpen politiko eta judizialaren jarraipena irmo errefusatzen" duela ere adierazi du.

Zapatero: "Ezker abertzaleak zailtasunak izango ditu ETA dagoen artean".

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaren ustez, Sortuk gaur egindako adierazpena "isilik egotea baino hobea da", baina, hala ere, iradoki du alderdi haren bidea ez dela erraza izango. "Ezker abertzaleak zailtasunak izango ditu ETA bizirik den artean, ETA bukatu gabe dagoen artean".

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak "albiste ontzat" jo du Sorturen oharra.

Legeztatzea

Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak gaur esan du ez duela Sortu maiatzaren 22ko hauteskundeetan "imaginatzen", uste baitu badaudela nahikoa froga Batasunaren segida dela erakusten dutenak.

Sortuk erantzun du ez dela "legez kanporaturiko alderdiei jarraipen organizatibo eta funtzionala emateko sortu, ezker abertzalearen ibilbidean inflexio puntua diren printzipio eta konpromisoak dituen egitura politiko bati bizitza emateko baizik. Legezkoak izateko eskubidea dugu, Alderdien Legea zein ostean Auzitegi Gorenak eginiko interpretazioak puntuz puntu betetzen ditugulako".

Estatuaren abokatuak eta Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Sorturen erregistroaren aurkako eskaerak aurkeztu dituztela gogorarazi du Caamañok, eta eskaera horiek Espainiako polizia indarrek aurkeztutako frogetan oinarritzen direla.

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak adierazi du hauteskundeak baino lehen Sortuk gainean duen "lainoa" argitzea espero duela. Gainera, esan du Gorenak erabakia irizpide juridikoak soilik erabiliz hartzea espero duela.

Sorturi bere apustua etorkizunekoa bakarrik ez, gaur egungoa dela argitzeko eskatu dio Urkulluk, eta "ekintzak ekintzekin" frogatu behar direla. "Espero dut hauteskundeak bitarteak ekintza horiek gauzatzea".

Etorkizunean ezker abertzalearekin "sakoneko akordioak" adostea ez dutela baztertzen ere esan du Urkulluk, "ordezkaritza instituzionala duen beste edozein alderdirekin" egingo luketen moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.