Ildo politikoari buruzko herri eta hiri batzarrak egin ditu gaur Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoak. Bere estrategia orokorrak zein izan behar duen eztabaidatu dute, eta haren baitan zer taktika segitu behar diren, desobedientzia bezalako "lan tresnek" zer garrantzia hartu behar duten, eta nazio eraikuntza nola garatu eta "eraldaketa soziala" nola lortu ere izan dute hizpide.
Espainiako eta Frantziako estatuen "egiturazko indarkeriari" aurre egiteko, "konfrontazio demokratiko eta politikoaren bidezko borrokan" oinarritutako estrategia garatuko du Sortuk, zuzendaritzak proposatu duenez, eta bi ardatzetan oinarrituko luke estrategia: alde bakartasuna eta konfrontazio demokratikoa. "Horren parte dira desobedientzia zibila, nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala". Zutik Euskal Herria ebazpenaren ildotik, Sortuk azken 50 urteetako "estrategia militarrari" bukaera eman, eta "parametro demokratikoetan" kokatu nahi du euskal gatazkaren konponbidea.
Aurreko asteetan oinarri ideologikoen txostenak izan zituzten eztabaidagai —sei mila lagunek hartu zuten parte—, eta Sortuk aste honetan jakinarazi du 400 zuzenketa alternatibo inguru jaso dituztela. Haiek batu, eta 90 zuzenketetan utzi ditu. Hiru gai izan dira "korapilo nagusiak", Joseba Alvarez Sortuko kideak gaur esan duenez. Europako Batasuna —Euskal Herriak EBn egon behar al lukeen hitz egin dute, besteak beste—, "sozialismoa ulertzeko modu desberdinak" eta euskara —"zer estatus eman espainolari eta frantsesari", adibidez—.
Oinarri ideologikoei buruzko txostenak abenduaren 30a baino lehen bozkatuko dituzte, Alvarezen arabera. Ildo politikoa urtarrileko batzarretan bozkatuko dute. Urtarrilean, halaber, antolaketa eredua izango dute hizpide, eta otsailean kongresua egingo dute.
Alvarezek esan du euskal presoen ekarpenak hasi zaizkiela iristen. Oraingoz, bost jaso dituzte, baina Sortuko kideak adierazi du kontuan hartu behar dela haien egoera. Iragarri du presoen ekarpenekin bilduma bat egingo dutela eta militantziari helaraziko dizkietela.