Sortuk agerraldia egin du euskal presoak eta iheslariak etxeratzearen aldeko manifestaziora deitzeko. Bertan, Pernando Barrena bozeramaileak nabarmendu du gatazka osteko egoerara igarotzea "interes orokorreko" kontua dela, eta gogorarazi ez dagoela legeria aldatu beharrik presoek etxeratzeko urratsak egin ahal izan ditzaten.
Barrenak azpimarratu du "borondate politikoa" behar dela horretarako, eta "espetxe frontetik espetxeak husteko frontera" igarotzeko garaia dela ondorioztatu du.
1.500en bat preso eta iheslari ohik adierazi diote atxikimendua igandeko manifestazioari. Hain zuzen, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da apirilaren 17a.
12:00etan hasiko da igandeko martxa, Casilla paretik.