Sortuk salatu du erabakiak «oinarri politikoa» duela

Alderdi berriak dio bere helburua normalizazio politikoan eta demokratikoan aurrera egitea dela

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Sorturi legezko izaten ez uzteko hartutako erabakiak «oinarri politikoak» dituela salatu du Sortuk, prentsa ohar batean. «PSOE eta PPk definituriko estrategia eta erabaki bati men egiten dion erabaki politikoa da Goreneko epaileek, kontraesan nabarmenekin, hartu dutena».

Izan ere, ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuek Alderdien Legea betetzen dutela azpimarratu dute, eta alderdiak izan duen jokaeran ere gauza bera egiten duela. Horregatik, Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak jarritako helegiteak «ikuspegi juridikoa alboratu eta susmo, aurreiritzi eta ikuspegi politiko zehatz batzuetan» aterpetuta daudela salatu dute.

Baina, Euskal Herria aurrera doala ohartarazi du. Alderdi berriaren helburua eskubide guztiak aitortuak eta errespetatuak izango diren egoera batera iristea dela nabarmendu du, eta bide horretan kokatu ditu legeztatzearen alde egindako urratsa eta legeztatzearen alde euskal herritarrengan dagoen «iritzi orokortua».

Hala, «Euskal Herrian zabaltzen ari den ilusioari» ateak itxi nahi izatea leporatu dio Sortuk Espainiako Gobernuari, eta alderdia aurkeztu zutenetik helburu hori izatea egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.