Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak bihar arteko epea dute Epaitegi Konstituzionalean Sortuk legezta dezaten jarri zuen helegitearen aurrean zuzenketak egiteko. El Pais Espainiako egunkariak gaur aurreratu duenez, Estatuaren abokatuak, Espainiako Gobernuaren esanetara, ezker abertzalea eta ETA elkarrekin aritzen direla argudiatuko du, "lau eskuekin pieza bera" jotzen dutela irudikatuz.
Fiskaltza ere argudio berarekin ari omen da lanean, eta modu horretan Sortu ez legeztatzeko eskatuko diote Konstituzionalari. "ETA behin betiko desagertzen ez den arte, ezker abertzaleak, legezkoa edo ez, ezin du beste alderdien pare jarri normaltasun demokratikoan ez bada ETArengandik inolako zalatza izpirik gabe, urruntzen, ETAren biolentzia espreski gaitzetsiz eta desagertzeko eskatuz", dio Fiskaltzaren idatziak, El Pais-en arabera.
Francisco Caamaño Espainiako Justizi ministroak nabarmendu du Estatuaren abokatuaren eskaria eta Espainiako Gobernuak "beti" izan duen jarrera bat datozela, eta "koherentzia" hori azpimarratu du: "Beti defendatu dugu jarrera bat, eta gai horretan Gobernuak hasieratik izan duen jarrerarekin bat etorriko gara". Bere ustez Sortu ez legeztatu ez da oinarriko eskubiderik urratzen.
Sortuk otsailean aurkeztu zituen estatuak Espainiako Barne Ministerioan, Alderdien Legea betez eta ETAren indarkeriatik aldenduz. Hala ere, Epaitegi Gorenak, Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak eskatuta, ez zuen legeztatu, eta Sortuk ezin izan zuen maiatzaren 22ko hauteskundetara aurkeztu. Gorenak ebatzi zuen, Sorturekin ezker abertzaleak Batasunari jarraipena eman nahi ziola.