Sortu-ren erregistroa

Sorturen defentsak dio alderdiak legezko izateko baldintzak betetzen dituela

Ezker abertzaleko alderdi berriaren abokatuek gaur aurkeztu dituzte alegazioak Auzitegi Gorenean. "ETAren indarkeriari amaiera emateko tresna eraginkorra" izango litzateke Sortu. Rufi Etxeberria: "Sortuk hartu ditu hartu beharreko erabakiak; legezkoa izan beharko luke jada". Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ausardia falta leporatu dio Zapaterori iritzi artikulu batean, eta haren gobernuak eta PSOEk ere errua badutela esan du.

2011ko martxoaren 15a
19:47
Entzun

Sortu ezker abertzaleko alderdi politiko berriaren abokatuek gaur aurkeztu dituzte alegazioak Espainiako Auzitegi Gorenean, eta berretsi dute alderdiak ez duela indarkeriarekin zerikusirik, errefusatu egiten duela, ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeekin hautsi egin duela Sortuk eta, ondorioz, legezkoa izan behar duela, horretarako baldintzak betetzen dituela iritzita.

Haren abokatuek Gorenean aurkeztu duten txostenaren arabera, gainera, "ETAren indarkeriari amaiera emateko tresna eraginkorra" izango litzateke Sortu. Iñigo Iruinek eta Adolfo Araizek sartu dute idatzia.

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Sorturen aurkako inpugnazioa sartu zuten duela egun batzuk, eta Gorenari eskatu zioten ez erregistratzeko alderdi gisa.

Gorenak aurki ekingo dio kasua aztertzeari.

Rufi Etxeberria: "Sortuk hartu ditu hartu beharreko erabakiak; legezkoa izan beharko luke jada"

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak adierazi duenez, Sorturen estatutuak izango dira defentsaren ardatza. Estatutuek legea betetzen dutela berretsi du Etxeberriak, eta dagoeneko legezkoa izan beharko lukeela Sortuk. "Espainiako Gobernuak neurri demokratikoetatik kanpo interes politikoak erabiliz egin du Sorturen aurka, eta horregatik ez balitz, legezkoa izango litzateke", esan du Euskadi Irratian gaur goizean Faktoria saioan. Atzo gauean iragarri zuten elkarrizketa. Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren eskaerak aitzakia besterik ez direla gaineratu du Etxeberriak. "Sortuk hartu ditu hartu beharreko erabakiak", adierazi du.

Ezker abertzaleak hartu dituen erabakiak "estrategikoak" direla esan du Etxeberriak, eta Sortuk aurreko astean atera zuen oharra estrategia horren barruan atera zuela. Erabaki hori, gainera, "oinarriko militante guztiek" egin duten eztabaidaren ondorio eta jarraipena dela esan du. "Horrek du garrantzia, oinarrian hartu dela erabakia, modu horizontalenean eta modu demokratikoenean. Ezker abertzaleak mugimendu gisa agente bakar moduan jokatzen du". Ezker abertzalea Zutik Euskal Herria akordioan eta horren garapenean dagoela berretsi du, eta hauteskundeetan egotea edo ez ez dela izan erabakigarria. "Erabakia sakonagoa da, nahiz eta ezker abertzaleak hauteskundeetan egon nahi duen".

"Ezezkoari erantzuna gizarteak eman beharko lioke"

Legeztatzearen auzia ez dela ezker abertzalearena bakarrik azaldu du Etxeberriak, eta gizarte osoari dagokion kontua dela, errealitate gordina irudikatzen duelako. "Euskal gizarteak legeztatzearen aldeko hautua egin du, eta baiezkoa eman dio. Estatuak ezezkoa ematen badio, ezker abertzaleak eragile politiko eta sozialak deituko lituzke horrei erantzun bat emateko. Bitartekoak jarri beharko lirateke horri aurre egiteko". Espainian egoera politiko berriari "bertigoa" diotela esan du, eta legeztatzeak egoera hori azkartu egingo lukeela. "Euskal Herriaren aitortza eta eskubideen gaiak garrantzia hartuko luke".

ETAk berak gatazkaren konponbidea eragile politiko, sozial eta sindikalei dagokiela aitortu duela esan du Etxeberriak, eta ETAk esan duela berari dagozkion gaietan soilik eragingo duela, besteak beste, preso eta errefuxiatuen gaiean. "Eragile bakoitzaren funtzioak ondo zehaztuta daude". Ezker abertzaleak biktimekiko errespetua duela aitortu du, eurak ere biktima izan direlako: "Errealitate hori hor dago, eta benetako azterketa eskatzen dute biktimek, benetako egia". Errealitate horretan sakondu egin behar dela ere esan du, eta biktimen errealitate horretan tortura ere aztertu behar dela. "Azken 50 urteetan herri honetan ia 8.000 pertsona izan gara torturatuak, horien artean, ni. Eta horri ere, egia horri heldu beharko zaio".

Jesus Egiguren: "Gobernuak eta gobernuan dagoen alderdiak ere errua badute"

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak iritzi artikulu batean ausardia falta leporatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari. Asteburuan Patxi Lopez lehendakariak egindako adierazpenaren ondoren dator haren iritzia. Haren hitzetan, gobernuak jarrera "pasiboa" hartu du PPren oposizioaren aurrean, eta Zapaterok eskuina ez gogaitzea erabaki du, "ausardia faltagatik". "PPk eta babesa ematen dioten hedabideek" ezker abertzaleak ETAtik urruntzeko hartu duen bideak porrot egitea nahi dute, Egigurenek salatu duenez, eta "hauteskunde interesak estatuaren interesen gainetik jarri dituzte". Haren hitzetan, Euskal Herria ezagutzen duen edozein politikari "seriok" ezin du ukatu Batasunak "armei agur" esan diela.

"Baketzean pauso erabakigarriak iragar daitezken une honetan, Espainiako politika, erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatu beharrean, imagina daiteken politika okerrenaz harro agertzen da", dio Egigurenek artikuluan. "Arazoa da gobernuak eta gobernuko alderdiak ere errua badutela. Ulertzen dut maniobretarako tarterik ez izatea, baita krisiaren eta gupidarik gabeko oposizioaren aurrean sozialismoak dituen zailtasunak ere. Eskuinak sortutako giroaren inguruan kokiltzeak beti positiboa den kontsentsu itxura eman dezake. Baina oraingo kontsentsua faltsua da, kontsentsu negatiboa: PPk esaten dena onartzen bada, ondo; gustatzen ez zaiona egiten bada, gobernuaren aurkako oldarraldia". Iritzi artikuluan itun antiterrorista ere auzitan jartzen du Egigurenek, esanez "terminoak irauli" egin direla. "Alderdien Legea legez kanpo uzteko egin zen, baina baita legeztatzeko ere, baldintzak betetzen badira. Auzitegiek erabakiko dute, eta ondo erabakiko dutela pentsatzen dut, baina ez da nahikoa zuhurtziarekin epaitzen ari horren gai garrantzitsua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.