Sorturen prentsa oharra

2011ko martxoaren 10a
16:36
Entzun

"Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak euren errekurtsoak aurkeztu ostean, SORTUren legeztapen eskaeraren gakoak argitu nahi ditugu berriro ere.

1.- Lehenik eta behin, euskal gizarteko sektore independentista eta sozialistok gure proiektu politikoa bere borondate demokratikoaren osotasunean azalduko lukeen hauteskunde eskaintza baten bidez bideratzeko dugun eskubidea azpimarratu nahi dugu.

2.- Euskal Herrian fase politiko berri baterako proiektu politiko eta organizatibo berri bat ordezkatzen dugu, bakea, justizia eta demokrazia lortu eta egonkortzeko helburuarekin. Euskal gizartearen sektore zabal batek ematen digun zilegitasunarekin eta soilik bide politiko eta demokratikoetatik, ez gara legez kanporaturiko alderdiei jarraipen organizatibo ezta funtzionala emateko sortu, ezker abertzalearen ibilbidean inflexio puntua diren printzipio eta konpromisoak dituen egitura politiko bati bizitza emateko baizik.

3.- Proiektu politiko eta organizatibo honek indarkeriaren errefusatze argi bat azaldu du, eta argi eta garbi adierazi dugu ere errefusatze horrek ETAren indarkeria barne hartzen duela; indarkeria, mehatxua edota bortxa erabiltzen duten erakundeekin edozein elkar hartzea errefusatu dugu ere. Era berean, konpromiso eta printzipio  hauek onartzen ez dituenak ezin du SORTUn parte hartu, ardurarik izan edo berau ordezkatu. Ondorioz eta era argian:

• Edozein delarik ere egilea, aurreko astean Gasteizen eta Portugaleten izaniko indarkeria eta mehatxu ekintzak errefusatu nahi ditugu.

• Zuzenbidezko estatu batean oinarri den hiritar ororen errugabetasun presuntzioaren errespetua kontuan izanik, eta hainbat hedabideetan agerturiko ustezko eta balizko bortxa ekintzak burutzea helburu luketen ihardueren planifikazioak direla eta, horien artean Patxi Lopez lehendakariaren aurkakoa, berretsi egin nahi dugu ezein bortxarekiko gure aurkakotasuna.
  
4.- Indarkeriaren gure errefusatzea ez da giza eskubideen urraketa ezberdinen arteko ekidistantzia posizio batetik egiten, urraketa guztien arbuiotik baizik. Zentzu horretan, azken tortura kasu larrien eta militante independentisten aurkako jazarpen politiko eta judizialaren jarraipenaren errefusatze irmoa adierazi nahi dugu. Euskal gizartetik zein Amnistia Internacional edota Nazio Batuen Erakundetik atxiloaldi inkomunikatuaren amaiera exijitzen duten deiekin bat egiten dugu.

5.- Adierazi dugu eta berresten gara: printzipio hauek ez dira erretorikoak eta ez dute inondik inora legez kanpoko erakundeak gorpuzteko izaera instrumentala izango duten mugimendu taktiko edota legalitatearen betetze formal bat izan nahi. Ez da indarkeriatik aldentze koiuntural bat, estrategikoa eta behin betikoa baizik. Estrategikoa eta sustantziala dena indarkeriaren errefusatzea da. Koiunturala, garrantzirik kendu gabe, tresna politiko elektoral berri baten sorrera da. 

6.- Esan dugu eta errepikatzen dugu gainontzeko eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera indarkeria ororen desagerpenari, ETArena ere espreski, gure ekarpena egin nahi diogula, era aktiboan. Euskal gizartearen nahi horrekin bat egin nahi du SORTUk, inoiz inork ez dezan indarkeria erabili proiektu eta ideien politikoen defentsan.

7. - Justizia eta demokraziaren sinonimo izango den bake bati gure ekarpena egin nahi diogula esan dugu eta errepikatzen dugu. Euskal gizartearen borondate demokratikoaren errespetuan oinarrituko den bakea, proiektu politiko guztien mehatxurik gabeko garapenerako aukera berdintasunean pibotatuko den bakea. Horregatik, SORTUn ulertzen dugu indarkeriaren amaierak ez du ordain politikorik. Hori  bai, bakea indarkeriaren amaiera baina zerbait gehiago da eta Euskal Herriko gizon eta emakumeen eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetuan egon behar du oinarriturik.

8.- Esan dugu eta errepikatzen dugu; gure erakunde politikoa iraganeko erakundeekin haustura suposatzen du, bai gure estatutuetan onarturiko printzipio eta konpromiso demokratikoengatik, bai estruktura politiko berriaren antolakuntza eta funtzionamendu ereduarengatik.

Guzti horregatik, euskal gizartearen esparru sozial independentista eta aurrerakoia bide soilik politiko eta demokratikoetatik bideratu nahi dugu; bakeari, demokraziari eta aldaketa politiko eta sozialari ekarpena egin ahal izateko.

Zentzu horretan, ez dugu SORTU erregistratzea ekiditeko Barne Ministerioaren jarrera ulertzen, ez eta Alderdi Politikoen Erregistroan izen emateko eta ondoriozko legeztapenerako zilegi zaigun eskubidea oztopatzeko Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzaren ekinbideak.

Legezkoak izateko eskubidea dugu, Alderdien Legea zein ostean Auzitegi Gorenak eginiko interpretazioak puntuz puntu betetzen ditugulako. Gure jarduera estatutuetan jasoriko printzipio eta konpromisoekin koherentea izango da eta ondorioz, ezin zaizkigu eskatu legeak eskatzen ez dituen errefusatzeak, planteamendu moralak edota sentimendu zehatz batzuen adieraztea, soilik jarduera legal eta demokratikoak baizik.

Gure iritziz, sufrimendu eta konfrontazio urte luzeei behin betiko konponbidea emateko eta bake etorkizun bat eraikitzen hasteko une historikoa bizi dugu. Gure konpromisoa da sufrimendua eta konfrontazioa hitza, demokrazia eta berradiskidetzearengatik ordezkatuak izatea.

Horregatik, gure legeztapena ezin du bataila politikoei eta indarkeriazko iragan hurbilaren inertziei loturik egon. Legeztapena indarkeriarik gabeko etorkizun bat eraikitzeko osagai gisa eta mugarik gabeko demokraziaren ikuspegitik ulertua izan behar du.

Iraganaren ondorio guztiak zuzenean edo gertutik bizi izan ditugunok datozen belaunaldientzako eraiki behar dugun etorkizuneko inbertsioa da gure legeztapena.


Espainiar gizarteari eta bere botere publikoei dei egiten diegu eskuartean dugun aukera erraldoiaz jabetu daitezen.

Azkenik, euskal gizartetik, Estatu espainiarretik zein nazioarteko komunitatetik jaso ditugun elkartasun mezu guztiak eskertu nahi ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.