Hezkuntza murrizketen aurkako protesta egin du goizean Sortzen Ikasbatuaz sareak. Egungo eredua irudikatu nahi izan dute "kaka erraldoi" baten bidez, eta horren aurrean alternatiba bat aldarrikatu: hezkuntza sistema propioa.
"Euskara debekatua, zentsuratutako testu liburuak, murrizketak, dekretuak, tasen igoera eta inposizioak dira egungo hezkuntza sistemetatik datozkigun kakak", azaldu dute elkarteko kideek. "Berak hezkuntza komunitateari emandakoa itzuli diogu", esan du Sortzen Ikasbatuaz-ek.
Euskal Herriko hezkuntza sistema propio batean euskara eta euskal kultura lehentasuna izango direla uste du sareak. Eta argi du zein den jorratu beharreko bidea: "Demokrazia eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea oinarri izango diren eskola parekide eta laikoa".
Sareak salatu du gaurko protestan Foruzaingoak izan duen jarrera; argazkilariei argazkiak borrarazi egin dizkietela esan du Sortzen Ikasbatuaz-ek eta ekintzaileei salaketa mehatxua egin dietela.