SOS Ume Lapurtuak pozik dago mediku bat akusatu dutelako kasu batekin lotuta

Bizkaiko ginekologo baten inputazioaren berri eman du EAEko Fiskaltzak; 1993ko kasu batekin lotzen dute

SOS Ume Lapurtuak elkarteko kideak elkarretaratzean, Bilbon. J. RUIZ / ARP.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Palmi Fernandez Bizkaiko SOS Ume Lapurtuak elkarteko bozeramaileak adierazi du «oso pozik» daudela Bizkaiko ginekologo bat akusatu dutelako ustezko haur lapurtuen kasu batean; 1993ko kasu batekin lotuta egotea egozten zaio ginekologoari. Informazio ofizialik ez dutela diote elkartetik; ez Fiskaltzaren aldetik, ezfamiliaren aldetik. Dakitena hedabideen bidez jakin dutela diote, baina, hala ere, baikortzat jo dute berria, aurrerapena kasu bakar batean izan bada ere.

EAEko Fiskaltzak jakinarazi du medikua inputatu dutela.Hego Euskal Herrian auzipetu duten lehena da, eta dagoeneko deklaratu du epailearen aurrean. Bilboko 9. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak darama kasua, eta sekretupean dago epailearen aginduz. Inputatzeko erabakia hartu du epaileak, izan ere, ustez lapurtua izan zen haurraren hilobia ireki zutenean irailean, han ez zegoen haurraren arrastorik. Ustezko amak epailearen aurrean deklaratu, eta handik astebetera ireki zuten hilobia, Bizkaiko SOS Ume Lapurtuak elkartearen arabera. DNA frogak egin behar zizkioten hilobiratuta zegoen umeari ustezko amarenekin alderatzeko. Era horretako erabakia hartzen zen lehen kasua zen ustez lapurtu zituzten haurren kasuan, gainera.

Auzitara jo duen amak 1993. urtean izan zuen haurra Bilboko ospitale batean, eta gaixotasun arraro bat zela-eta hil zela azaldu zioten medikuek orduan. Emakumeak dio, horrez gain, ustezko aitari «berehala» jakinarazi ziotela medikuek haurra hil zela. Lur ematerakoan, baina, emakumeak dio «trapu berde bat» ikusi zuela, eta, erregistroan berak mutikoa izan zuela agertu beharrean, neska izan zuela zegoela izena emanda. Bere esanetan, berak mutiko bat ikusi zuen negarrez erditu ondoren, ez neskatila bat.

Baina ez da izan ustez lapurtutako haurren frogekin alderatzeko egin den DNA froga bakarra. Donostiako 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak eskatuta, era horretako frogak egin zaizkie emakume bati, bere bi seme-alabei eta hildako aitari—biopsia baten bidez—. Araban ez da horrelako frogarik egiteko eskatu.

Abian jarritako prozedurak

EAEko biktimen arretarako zerbitzuak eta Fiskaltzak jakitera emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 200 prozeduratik gora ireki dira haurrak lapurtuak izan ziren ala ez frogatzeko. Gipuzkoan daude kasu gehien: guztira, 121. Bizkaian eta Araban, ostera, 48 eta 31, hurrenez hurren.

Kasuak, baina, gehiago izan daitezkeela diote SOS Ume Lapurtuak elkartetik. Esaterako, Bizkaian soilik elkarteak 170 kide ditu. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak kasuak ez artxibatzeko eskatu du. Auzia argitzen jarrai dezatela eskatzeko mobilizazioak egingo dituzte SOS Ume Lapurtuen elkarteak deituta, hilaren lehen larunbatetan Hemen haurrak saltzen ziren, krimenakargitu lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.