Euskarazko hedabide ez publikoek deia egin diete erakunde publikoei etorkizunera begira sektorean baliabide handiagoak jar ditzaten. Krisi ekonomikoak eta komunikazioaren alorrean izaten ari diren aldaketek «gogor astindu» dituzte euskarazko hedabideak, eta, egoera horri aurre egiteko baliabide handiagoak izan beharrean, laguntzak murriztuta ikusi dituzte. Euskal Herri osoko 80 hedabidek baino gehiagok eskatu diete administrazio publikoei sektorea indartzeko politika berria eta sostengu ekonomikoa. Diru laguntza handiagoak ez ezik, erakundeen publizitate inbertsioetan ere euskarazko hedabideek pisu handiagoa izatea eskatu dute.
Duela bi aste euskarazko hedabideek editorial bateratua argitaratu zuten, eta, atzo, berriz, elkarrekin agertu ziren Donostian.Besteak beste, BERRIA, Argia, Goiena, Entzun!, Topagunea, Bilbo Hiria Irratia, Gaztezulo, Euskal Irratiak, Sustatu.com, Zuzeu.com, Hamaika Telebista eta Antxeta Irratia daude ekimenaren atzean. Eta horien eta beste hamaika komunikabideren ordezkariak elkartu ziren atzo Donostian.
Guztien izenean, Jasone Mendizabal Topaguneko lehendakariak euskarazko hedabide ez publikoen sektoreak gizartean zer leku betetzen duen adierazten duten datuak eman zituen. Izan ere, prentsa, irratia, telebista eta Internet kontuan izanik, ehundik gora dira euskaraz lan egiten duten hedabideak. Eta, guztira, 620 langilek baino gehiagok egiten dute lan hedabide horietan. Guztien artean, 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute, eta 7 milioi euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez.
Datu horiek guztiek euskarazko hedabideek «sektore zabal eta bizi bat» osatzen dutela erakusten dute, Mendizabalen iritziz, «industria sektore gisa ere kontuan hartu beharrekoa». Baina zenbakiez harago ere jo zuen Topaguneko lehendakariak euskarazko hedabideek gizarteari zer ematen dioten gogoraraztean. «Gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen duen sektorea dugu gurea, eta informazioarennahiz entretenimenduaren bidetik, hizkuntza komunitatea ehundu eta trinkotzeko gure alea jartzen dugu». Euskarazko hedabideak euskararen normalizaziorako eragile nagusietakoak direla ere adierazten du Mendizabalek atzo irakurritako agiriak.
Diru laguntzak ere jasotzen dituzte euskarazko hedabideek. Baina ez beti eta guztiek. «Eta hala behar du izan, merkatu parametro hutsetan bizirik irauterik ez dutelako eta funtzio publiko ordezkaezina betetzen dutelako». Nolanahi ere, sektoreak jasotzen duen laguntza publikoaren zati handi bat berriro gizarteari itzultzen zaiola nabarmendu dute euskarazko hedabideek, baita parametro ekonomikoetan ere.
Krisiak itota
Ez dira euskarazko komunikabideak garai onak bizitzen ari. Krisi ekonomiko globalari, komunikabideen alorrean gertatzen ari diren aldaketa sakonak gehitu behar zaizkio, eta, horren guztiaren ondorioz, etorkizuna zalantza handiekin ikusten dute hedabide askok. Euskaraz lan egiten duten komunikabideen kasuan, egoera are larriagoa da, «lehendik ere diru baliabidez urri» baitzebiltzan.
Hala ere, «sostengu erantsia» behar duten momentu honetan, erakundeek, krisiaren aitzakian, laguntzak murriztu dizkietela salatu zuen Mendizabalek. «Eta, horren ondorioz, gure borondatearen kontra, irautearen erronka jarri digute. Ikusi baititugu hainbat hedabide ixten. Baina bizirik irautea ez da, inondik inora, gure bokazioa. Ezta egun kaleratzen ditugun hedabideokin konforme geratzea ere». Mendizabalek agertu zuenez, sektoreak garatzea du helburuetako bat, «euskal hiztunen komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko beharrari erantzutea, azken 30 urtean erakutsi dugun bezala, etengabe proiektu berriak martxan jarriz».
Horri lotuta, instituzioen inplikazio handiagoa eskatu dute euskarazko hedabideek. Hitzez harago. «Instituzioek aspaldi aitortua diote sektore honi euskara eta euskal kultura sustatzeko zereginean duen estrategikotasuna». Horren aurrean, aitortzak «nahikoa» ez direla eta konpromiso praktikoak behar direla salatu dute komunikabideek. «Tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa behar du sektore honek». Bide horretan, egungo laguntza sistema gainditu egin behar dela diote hedabideek, «kasurik onenean prekarietatean bizirik irauteko aukera eskaintzen digutelako laguntzek, garatzeko aukerari hegoak moztuz».
Publizitate instituzionala
Gaur egun erakunde publikoetatik jasotzen dituzten diru laguntzak ez direla nahikoak deritzotehedabideek, eta sektorea indartzeko nahiz zabalkunde handiagoa lortzeko laguntzetan baliabide handiagoak behar dituztela uste dute. Horri lotuta, gaur egungo laguntza deialdien dinamikatik «bide egonkorragoetarako» urratsa egin behar dela nabarmendu dute. «Laguntzen zenbatekoa zein izango den, noiz etorriko den... urteroko zalantza egoera hori gainditu egin behar dugu».
Diru laguntzen kopuruan eta banaketa sisteman ez ezik, euskarazko hedabideek publizitate instituzionalaren kudeaketan ere eragin nahi dute, «agerikoa baita instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutela euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen». Izan ere, Mendizabalek gogora ekarri zuen CIESek 2007ko abenduan egindako azterketa batek zioela euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen direla, hau da, euskaldunen %57k kontsumitzen dituztela euskarazko komunikabideak. «Baina publizitate inbertsioa ez da maila berean egiten». Joanmari Larrarte Berria taldeko kontseilari ordezkariak adierazi zuenez, erakundeek «baztertuta edo ahaztuta eduki dituzte euskarazko komunikabideak publizitatean inbertitzeko orduan. Benetako pausoak eman behar dira». Horri lotuta, Larrartek gogora ekarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz onartu zuela publizitatean gastatzen den diruaren portzentaje bat euskarazko komunikabideentzat izango dela. «Halako neurriak derrigorrezkoak dira».
Otsailaren 1ean argitaratutako editorial bateratua izan zen aurreneko urratsa. Atzo elkarrekin eginikoagerraldia bigarrena. Eta aurrera begira ere euskarazko hedabideak prest azaldu dira hainbat ekimen elkarrekin egiteko. Egoera zailak hori eskatzen diela uste dute. Horretaz gain, otsaila eta martxoa bitartean instituzio publiko nagusienetako eta alderdi politikoetako ordezkariekin elkartzeko asmoa dute hedabideek. Bilera horietan sektorearen berri emango diete ordezkari politikoei, eta sektoreak akordio eta politika zehatzak adosteko «prestutasun osoa» duela helaraziko diete. «Hauteskundeen atarian gaude, eta uste dugu garai egokia dela alderdiek etorkizunera begirako gogoeta propioak egin ditzaten».
Euskarazko hedabideen agerraldia
Sostengu ekonomikoa eskatu diete euskarazko hedabideek instituzioei
80 komunikabidek baino gehiagok inplikazio handiagoa eskatu diete erakundeei, eta baliabideak murriztu zaizkiela salatu duteInstituzio eta alderdiekin harremanetan jarriko dira sektorearen berri emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu