PSE

Sozialistek "eskuak libre" dituzte 2015eko aurrekontuei begira

Idoia Mendiak dio EAJrekin egindako akordioaren "zati bat" bete dutela. %60ko babesarekin aukeratu dute alderdiko idazkari nagusi. Zuzendaritza talde txikiagoa osatzea da haren asmoa; ez du zehaztu nortzuk izango diren horren parte.

Idoia Mendia, atzo, botoa ematen. ALFREDO ALDAI / EFE
2014ko irailaren 17a
19:35
Entzun

Idoia Mendiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak aurkezten dituen aurrekontuek "herritarren beharrei erantzuten badiete", hitz egitera esertzeko prest daude. Hala ere, azaldu du PSEk "eskuak libre" dituela: "Ekonomia eta enplegua babesten ez badira, alderdi sozialistak ez ditu aurrekontuak babestuko".

Haren ustetan, politika egiteko "modu berriak" eskatzen ditu gizarteak. Dioenez, sozialistak Eusko Jaurlaritzan izan zirenean murrizketen aurka borrokatu ziren, eta oposizioan agenda politiko berarekin jarraitu dute: "Herritarrak arduratzen dituzten gaiek arduratzen gaituzte". Funtsezkotzat jo du herritarren beharrizanei erantzutea, Radio Euskadin egindako adierazpenetan.

Behin idazkari nagusi kargua hartuta, "lan egiteko modua" aldatzeko asmoa du zuzendaritzan. Talde txikiagoa nahi du; ez du argitu, ordea, zuzendaritza zein kidek osatuko duten; lehenik, alderdikideekin hitz egingo du. Bigarren lerroan izan direnak lehen lerrora pasa daitezkeela azaldu du. "Garai zailak dira sozialistentzat; txipa aldatu behar dugu".

Mendiak aise pasatu du bozketaren tramitea, 3.209 boto jasota —militanteen %59,97—. Lurraldeka, hala gertatu da Gipuzkoan ere: Iñaki Arriolak jarraituko du idazkari nagusi karguan, 1.243 boz jasota. Bizkaian, Mikel Torresek hartuko du Jose Antonio Pastorren lekua —1.149 lagunen babesa lortu du—, Iñaki Egaña garaituta —716 boto—. Araban, Cristina Gonzalez izango da Txarli Prietoren ondorengoa —343 boto—, Ivan Ruiz de Egilazi irabazita —217 boto—.

Oraingoz, behin-behineko idazkari nagusiak dira atzo hautatutakoak: biharko 14:00etara arteko epea dago Etika Batzordean helegiteak aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.