Balizko koalizio gobernu bat osatzeko lehen urratsa egin du gaur Podemosek. Pablo Iglesiasek alderdiko Herritarren Kontseiluaren aurrean eginiko agerraldian iragarri du sozialistekin hitz egiteko prestasuna, betiere zehaztuz horretarako "marra gorriak" alde batera utzi beharko dituztela. "Bi PSOE daude: PPrekin dagoena eta aurrera egin nahi duena; eta, tamalez, zentzudunei ez diete hitz egiten uzten".
Izan ere, Andaluziako presidente Susana Diaz izan da Podemosekin koalizioa osatzearen aurkari nagusietako bat, argudiatuz ezin dela hitz egin "Espainiaren batasuna kolokan jarri" asmo dutenekin. Hari erantzunez, Iglesiasek adierazi du beraiek beti defendatuko dutela "lurraldetasun auziak bide demokratikoetatik" konpontzeko aukera, alegia, erreferendum bidez.
PPren porrotaren zain
Rafael Simancas diputatu sozialistak, ordea, lasaitasuna eskatu du, eta zehaztu "PPk gobernua osatzeko lanetan porrot" egiten duenean hasiko direla "aldaketaren aldeko indarrak" biltzen. "Lehenik, espainiarren interesak daude, eta gero alderdi sozialistarenak. Horretan guztiok gaude ados".