M9. Herri eta kantonamendu bozen ostea

Sozialistekin hitzarmena eginda, Uztaritzeko alkatetza lortzeko aukera handiak dituzte abertzaleek

Lehen itzulian botoen %25,61 eskuratu zituen Battit Ameztoi buru duen Herria Bizi Dadin zerrendak; %20,02 Gerard Minvielle buru duten sozialistek. Bernard Auroy egungo zentro-eskuineko auzapezak, berriz, %26,92. Urruñan ere hitzarmena egin dute abertzaleek eta sozialistek, baina Lassalle sozialista izango da zerrendaburu. Baionan, ordea, sozialistek ez dute akordiorik egingo abertzaleekin.

2008ko martxoaren 11
17:42
Entzun
Abertzaleek eta sozialistek bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko akordioa erdietsi dute Uztaritzen (Lapurdi), eta, horrenbestez, auzapez hautatua izateko aukera handiak ditu Battit Ameztoi Herria Bizi Dadin zerrenda abertzaleko buruak. Izan ere, botoen %%25,61 eskuratu zituzten abertzaleek lehen itzulian, eta %20,02 Gerard Minvielleren sozialistek. Bernard Auroy egungo auzapezak %26,92 eskuratu zituen. Dominique Lesbatsena izan zen zerrendarik bozkatuena (%27,45), baina zaila ematen du bigarren itzulirako Auoryk eta Lesbatsek bat egitea.

Urruñan ere ados jarri dira abertzaleak eta sozialistak, baina Renaud Lassalle sozialista izango da zerrendaburua. Lehen itzulian botoen %21,46 eskuratu zituzten sozialistek, eta Filipe Aramendi buru zuten abertzaleek %19,5. Eskuineko bi zerrendek, Daniel Irazokirenak eta Odile de Coralenak, %29,26 eta %29,52 jaso zituzten, hurrenez hurren.

Baionan, aldiz, sozialistek ez dute akordiorik egin ez Baiona Berriko abertzaleekin ez LCR-rekin, eta, beraz, ezusterik ezean UMPko Jean Grenet hautatuko dute bigarren itzulian berriro ere auzapez.

Jerome Agerre Baionako sozialisten zerrendaburuak atzo ohartarazi zuen "zaila" izanen zela abertzaleekin hitzarmenik egitea, Batasunak ez duelako ETAk Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzi ohia hil izana gaitzetsi. Baiona Berri zerrendan Batasuneko ordezkariak daudela nabarmendu zuen Agerrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.