Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldearen bileran izan da arratsaldean, aurreneko aldiz, eta bileratik gustura atera da, "oso interesgarria izan delako". Hedabideen aurrean ez du batzarreko edukiaren berri eman, baina esan du Euskal Herrian den egoerarekin "baikor" dagoela aurrera begira. Prest azaldu da lantaldearen bilera gehiagotan parte hartzeko.
PPko ordezkaririk ez da izan batzarrean, alderdiak planto egitea erabaki duelako. Atzo iragarri zuen hori Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. Haren arabera, HNT "Batasunaren zerbitzura" eta "ETAren gaiarekin negozioak" egiteko dago. Spektorowskik esan du ulertzen dituela PPren "zalantzak" eta "beldurrak".
Ezker abertzaleak lantaldean parte hartzeari uko egin izana ez duela ulertzen esan du HNTko kideak. Ezker abertzaleak bere garaian azaldu zuen parte hartzekotan beste taldeen baldintza beraietan izango zela eta, halakorik ez zelakoan egongo, uko egin zion partaidetzari. EAk eta Aralarrek iritzi bera agertu zuten.
HNTko kideak atzotik Euskal Herrian izan dira. Pasa den astean iragarri zutenez, "bake prozesua egonkortzeko estrategia bateratu bat bultzatzeko dauden oztopoak eta aukerak" aztertu nahi izan ditu HNTk.
Hain zuzen, bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu ETAk elkarrizketa bat hasteko agertu duen borondatearen aurrean agente politikoen iritzia eta balorazioa, Espainiako Gobernuak ETAko presoak "gizarteratzeko" duen plana, Auzitegi Konstituzionalak Sorturen inguruan har dezakeen erabakia eta adiskidetzea eta memoria bultzatzea asmo duten egitasmoak.