Ikasturte hasierari begira jarrita daude sindikatuak, eta Steilasek agerraldia egin du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera salatuz: «Eusko Jaurlaritzak ez du benetako planik proposatzen hiru aste barru hasiko den ikasturteari ekiteko».
Sindikatuaren iritziz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan, batez beste, bost langile gehiago behar dituzte gutxienez. Gainera, talde txikiagoak sortzeko, beste horrenbeste langileren beharra ikusten dute. «Gutxienez, 6.000 langile gehiago beharko genituzke hezkuntza publikoan osasuna babesteko eta hezkuntza eskubidea bermatzeko». Horrez gain, eskoletan erizainak egoteko beharra dagoela ikusten dute. «Hori guztia egiteak aurrekontuak handitzea eskatzen du».
Steilasek aipatu du Hezkuntza Sailak dokumentu bat atera duela ikastetxeetan lan arriskuak prebenitzeko. Bertan, besteak beste, honako eginbehar hauek ageri dira: kontingentzia plana egitea, ikastetxera sartzeko eta ateratzeko ordutegiak malgutzea, ikastetxeek gela bat edukitzea sintomak dituzten pertsonentzat, udalen espazio publikoak eskain ditzaketen tokiko erakundeekin koordinatzea... Steilasek esan duenez, bertan jasotakoa betetzea ezinezkoa izango da ikastetxeetan langile gehiago ez badaude: «Benetan uste al du nahikoa dela Hezkuntza Sailak eskoletan osasuna babestu eta eskola presentzialak bermatzeko jasotako neurriak betetzeko egungo langile taldea?».
Langile gehiago eskatzearekin batera, egungoak babestea ere nahi du sindikatuak: «Egoera honek langileen babes juridikoa eskatzen du, zuzendaritza taldeena bereziki». Horretarako, Hezkuntza Sailari eskatu diote dokumentu bat egiteko ikastetxe publikoetako irakasleen babes juridikoa bermatuko duena. Horrez gain, COVID-19arekin «bereziki zaurgarriak» diren langileen osasuna babesteko protokoloa ere eskatu dute.
«Hezkuntza eskubidea bermatzeko modu bakarra eskola presentziala da, etapa guztietan eta salbuespenik gabe», oroitarazi du sindikatuak. Horrenbestez, giza baliabideak eta baliabide materialak ezinbestekoak iruditzen zaizkio, osasun baldintzak bermatzeko eta konfinamendura ez itzultzeko.