Kataluniako Telebistak Ciutat Morta dokumentala eman zuen larunbatean, Canal 33 kateak hain zuzen. Bartzelonako auzitegi batek, ordea, bost minutu zentsuratzeko agindua eman zuen, eta horrek haserrea eragin du. Dokumentala zapuztu beharrean, ordea, zentsura hori akuilu izan da, eta are eta oihartzun handiagoa izan du filmak.
Xavier Artigasek eta Xapo Ortegak zuzendu dute dokumentala, eta '4F auzia' du oinarri. 2006ko otsailaren 4an Poliziak Bartzelonako Ciutat Vella auzoko lokal okupatu bat hustu zuen unean abiatzen da. Orain urte eta erdi estreinatu zuten, 150 herrialdetan ikusi dute, eta hainbat zine jaialditan ere bai, tartean Donostiako Zinemaldian.
Victor Gibanel Bartzelonako udaltzainburu ohiaren salaketa bategatik moztu zuten dokumentala. Zentsuratu duen epaitegiaren arabera, bost minutu horiek kalte egin ziezaioketen haren ohore, intimitate eta irudi onari. Kataluniako Telebistak agindua bete zuen, baina telebistatik Internetera jauzi egin zuen auziak.
Streisand efektua deitzen zaio: zentsuratzen den zerbait, zentsuratua izanagatik, gehiago zabaltzen da. Moztutako bost minutu horiek berehala izan ziren ikusgai Interneten, eta ordu batzuetan 500.000 bisita baino gehiago izan zituen.
Dokumentala 22:25ean hasi zen, eta horrekin batera sare sozialetan haserrea piztu zen: #ciutatmorta, #totciutatmorta y #ciutatmorta33. Zuzendariek eurek hala esan zuten euren kontuetatik Twitterren: "Xavier Trias bihar azalpenak ematera ateratzen ez bada [bera zen alkate dokumentalean kontatzen dena gertatu zenean], hiri hau hilda dago".
Haserrea hainbestekoa izan zen, dokumentalaren ostean Patricia Herasen senide eta lagunak Sant Jaume plazan bildu ziren, udaletxearen aurrean. Dokumentalean kontatzen dute nola poliziek nahastu egin zituzten ospitalean Heras eta haren bikotekidea eta lokal okupatua husteko operazioan zauritu zirenak.
Heras eta haren bikotekidea bizikleta istripu bat jasan zutelako zeuden ospitalean. Poliziak, ordea, auzipetu egin zituen, eta 2010. urtean espetxera zigortu zituzten. Urtebete geroago, espetxetik atera zenean, bere buruaz beste egin zuen Herasek.