Beste taldeak. Basagoiti: "Lopezek hautatu beharra du: PP ala Batasuna"

2012ko martxoaren 8a
12:45
Entzun

Eusko Legebiltzarreko beste taldeak 10:30 pasatxo zirela hasi dira euren azalpenak ematen, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldia entzun ostean.

Joseba Egibar (EAJ): "Ezker abertzaleak izugarrizko porrota izan du, bere ibilbide osoa estrategia politiko-militarraren azpian egin duelako. Baina hanka-sartze bera da euskal politikaren ibilbidea ETArekin lotzea. ETAk ez du bukatzea erabaki etikoki eraldaketa bat izan duelako, baina 'hau bukatu da' esan dute ezker abertzalean, eta hori aintzat hartu behar da. Inposizio kultura gainditu behar da. Zoru etiko berri bat eraiki behar da. Etorkizuneko bi irizpideak, etikoa eta politikoa dira".

Jose Antonio Pastor (PSE-EE): "Lopezen gobernuak beti argi izan du zer egin behar den terrorismoaren aurka, eta bide horretan ezinhobeto ari da. Gainera, legebiltzarreko talde gehienok lehendakariak irailean aurkeztutako puntu gehienetan bat jartzen ari gara. PP lasai egon dadila: Lopezek proposaturiko foro hori ez da Batasunaren bozgorailua izango".

Antonio Basagoiti (PP): "Kongresuko akordioa kudeatu behar dugu hemengo taldeok, ETAren desegitea lortzeko. Terrorismoa oraindik ez da bukatu, eta hori amaitzeko Konstituzioa, Gernikako Estatutua eta legea hartu behar dira aintzat. Eta gogora dezagun: Espainiako Gobernuak du politika antiterroristan eskumena. Baina Lopez azkenaldian huts egiten ari da, ez dagokiona egiten: espetxe politikaren aldaketa eskatzen, Sortu legeztatzeko eskatzen... Ezker abertzaleari oraindik ere demokraziaren jantzia handi geratzen zaio, ezin gara haren jarrera indartzen aritu; bestela, begiratu zer ari den gertatzen Gipuzkoan. Lopezek adierazi du foro hori irekita egongo dela; zer ari da esaten, Batasuna egongo dela? Alderdien mahaia beti izan da ETAren aldarrikapen bat. Lopezek hautatu beharra du: PP ala Batasuna". 

Aintzane Ezenarro (Aralar): "Positiboa da lehendakariak proposamenak egitea. Memoria duen bake bat eraiki behar dugu, denak barne hartuko dituen memoria bat. Urratsak egokiak izan behar dira eta ez aldebakarrekoak. ETAk hil egin du, onartezina da hori, baina azken hamarkadetan indarkeria mota asko izan ditugu eta denak hartu behar dira kontuan. Indarkeriari buruz erlatibismo etikorik ez da behar. Espetxe politikari dagokionez, zigorra beteta dutenak eta politika hutsa egiteagatik preso daudenak ere kontuan hartu behar dira. Ponentzian horretaz ere hitz egin beharko dugu".

Juanjo Agirrezabala (EA): "Elkarbizitzarako egia, demokrazia eta justizia aipatu ditu Lopezek, eta ados nago, baina biktima guztien erreparazioa erantsi behar da. Lopez ETAren biktimez baino ez da gogoratzen, eta estatuko segurtasun indarrek eragindakoak ere badaude. Bestetik, legebiltzar honetan ez daude denak ordezkatuta, eta Lopezen foroan parlamentuko taldeok baino ez bagaude, defizita izango du".

Mikel Arana (IU-Ezker Anitza): "ETAk ez du erritmoa markatu behar, alderdi demokratikook baizik. Gu ere foroak-eta sortzearen alde gaude, baina bakea eta normalizazio politikoa bereizi egin behar dira. Ez dakigu, baina, zein den Lopezen asmoa. Bereizten baditu, gure babesa edukiko du".

Gorka Maneiro (UPD): "Batasunak demokrazia onartu egin behar du, ezin gara haren agendan erori. Ez dira ezohiko gauzak proposatu behar. Pazientzia behar da, zentzuz jokatu behar da. Gure esparru juridikoa defenditu behar dugu, gure legalitatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.