Erreakzioak. Lopez: "Sorturen pausoak ez dira nahikoak izan"

2011ko martxoaren 24a
15:44
Entzun

Patxi Lopez (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria). "Sorturen pausoak ez dira nahikoak izan auzitegia konbentzitzeko legeztatzeko. Iraganarekin eta indarkeriarekin hautsi egin duela garbiago eta sendoago esan beharko luke".

Idoia Mendia (Eusko Jaurlaritza). "Kontent gaude erabakiarekin, Gorenak hartu duelako eta ez gobernu batek edo alderdiek. Epaileengan ez da giroko kutsadurarik izan. Hiru boto partikular izatea berrikuntza da".

Rodolfo Ares (Eusko Jaurlaritza). "Bistan da abertzale erradikalen artean aldaketa garrantzitsua izan dela, eta euren apustuak atzerabueltarik ez duela frogatzeko eta Konstituzionala konbentzitzeko aukera dute orain".

Jose Antonio Pastor (PSE-EE). "Sortuk bidearen zati bat egin du, norabide onean doa, inoiz entzun gabeko gauzak entzun dizkiogu, eta horregatik ez da Gorenean erabakia aho batez hartu".

Odon Elorza (PSE-EE). "Ezin naiz Gorenarekin bat egitera heldu. Espero dut Sortu edo dena delakoa laster legezkoa izatea".

Ramon Jauregi (Espainiako Gobernua). "Balorazio politikorik ez egiteko eskatuko nuke. Zuzenbide estatuak funtzionatu egin du".

Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria). "Gorenaren erabakia errealitate sozialera egokitzen da. Nire ustez ere, Batasunaren jarraipena da Sortu".

Markel Olano (Gipuzkoako ahaldun nagusia). "Oso albiste txarra da. Ezker abertzaleari beti eskatu izan diote bonben eta botoen artean hautatzeko. Botoak hautatu ditu, eta orain demokrazian sartzea eragozten diote".

Josu Erkoreka (EAJ). "Azkeneko geltokia geratzen da: Auzitegi Konstituzionala. Ea honek ahalegin berezia egiten duen erabakia azkar hartzeko; bestela, bozak ukituta leudeke".

Joseba Egibar (EAJ). "Sistema demokratikoarentzat albiste txarra da Sortu ez erregistratzea. Auzitegi batek ezin ditu intentzioak epaitu eta ezin du sinesgarritasunaren ranking-a egin".

Leopoldo Barreda (EAEko PP). "Terrorismoaren bukaerara joatea ahalbidetzen digu erabakiak".

Patxi Zabaleta (Aralar). "Erabakia ez da justua eta demokratikoa. Konstituzionalak baiezkoa emango dio legeztatzeari".

Juanjo Agirrezabala (EA). "PSOEk eta PPk garaipen txikia lortu dute, Sorturen legeztatzea egongo delako". 

Mikel Arana (EB). "Erabaki politikoa da Gorenarena. Hala ere, ezker abertzaleak bere apustuarekin segitu beharko luke".

Gorka Maneiro (UPD). "Oso pozik gaude, oso berri ona da demokraziarentzat. ETA garaitzeko bide onean doa Gorenaren erabakia".

Mariano Raxoi (PP). "Pozik gaude. Orain gobernuaren lanak B plana eragoztea izan behar du, terroristak hauteskundeetan ez izateko".

Joan Ridao (ERC). "Sortu ETA balitz, Sortuko kideak kartzelan leudeke. Bistan da, beraz, Gorenaren erabakia ez dela juridikoa izan, politikoa baizik".

BNG. "Euskal gatazkaren konponbide demokratikoa lortzeko aukera galdu da auzitegiaren erabaki politikoarekin".

ELA. "Sortu galeraztea erabaki politiko larria da, Zapateroren gobernuari men eginez hartu dena eta PPk zein PSOEk botere judizialean duten kuota alderdikoiari esker posible izan dena". (ohar osoa)

Ainhoa Etxaide (LAB). "PSOEren erabakiari forma juridikoa eman dio Gorenak. PSOEk ez du borondate politikorik gatazkari irtenbide demokratikoa emateko".

Amnistiaren Aldeko Mugimendua. "Berriz ere Espainiako Estatuaren izaera ez-demokratikoa agerian utzi du erabaki honek. Oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen ditu. Gobernuaren bulegoetan hartzen diren erabakiak epaitegietan sinatzen dira Espainian".

Lokarri. "Gorenaren erabakiak dezepzio handia eragin digu. Sortuk Alderdien Legea betetzen du, eta bakearen eta demokraziaren bidea hartu du. Horren aurrean, Espainiako Gobernuak legean ez dauden baldintzak asmatu ditu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.