Erreakzioak. Patxi Zabaleta, Tasio Erkizia, Francisco Letamendia, Martin Garitano, ezker abertzalea

2012ko urriaren 24a
14:05
Entzun

HASIren lehen zuzendaritzan izan ziren Patxi Zabaleta eta Txomin Ziluaga. Pertsonalki, pertsona "oso maitagarria, hurbilekoa eta prestatua" zela nabarmendu du Zabaletak. Politikoki, egun Aralarreko koordinatzailea denak esan du Ziluagak "ezkerreko ideiak oso tinko sarturik" zeuzkala, eta "abertzaletasuna ezkerretik ikusten zuen pertsona" zela. Gainera, Ziluagak Herri Batasunaren sorreran egin zuen ekarpena oso garrantzitsutzat jo du Zabaletak.

Francisco Letamendia, Ziluagarekin batera, HBko kide izan zen koalizioaren lehen urteetan, eta Ziluaga HASIn eta KAS Koordinadora Abertzale Sozialistaren barnean "giltzarri" izan zela nabarmendu du. "1988tik aurrera zuen garrantzia murriztu zen, baina urte batzuk geroago berriro egon da elkartasunaren aldeko eta errepresioaren aurkako borroketan", esan dio Letamendiak BERRIAri.

Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoak "penaz eta hunkiturik" hartu du Ziluagaren heriotzaren berria, Euskadi Irratian esan duenez. "Urte aunitz ibili gara elkarrekin, hitzaldietan, bileretan, eta urte askotako militantziak elkarrekin bizi izan ditugu". Ziluagak "ekarpen interesgarria" egin eta "pertsona klabea" izan dela nabarmendu du Erkiziak. "Inoiz ez da izan politikari profesionala, baizik eta militante sutsua", gaineratu du.

Gaur goizean eginiko agerraldian, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak dolumina adierazi die Ziluagaren senideei, eta "abertzale eta iraultzaile" bat joan dela nabarmendu du.

Ohar baten bidez, ezker abertzaleak Txomin Ziluagaren "ekarpen humano, politiko eta militantea nabarmendu eta eskertu" du ezker abertzaleak. "Bere herriarekin eta herritarrekin konpromiso iraultzailea izan da Txomin Ziluagaren bizitzaren ardatza", azaldu du, eta gaineratu "Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokaren lehen lerroan" izan dela Ziluaga. Ezker abertzaleak "bere doluminik sentikorrenak" helarazi dizkie Txomin Ziluagaren senide, lagun eta kideei, eta herritarrei dei egin die Ziluaga omentzeko ekimenetan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.