Erreakzioak. Udalbiltza: "Euskal Herria aintzat hartuta egin zuen lan euskararen akademian"

2013ko irailaren 1a
07:43
Entzun

"Atsekabe handia" azaldu du Eusko Jaurlaritzak Jean Haritxelar euskaltzainburu ohiaren heriotza, ohar batean adierazi duenez. "Haritxelar literatura ikerlari eta euskaltzainak bizitzaren zatirik handiena eskaini zion gure hizkuntza ikertzeari. Maila honetako pertsonen ahaleginari esker izan da posible euskararen biziraupena XXI. Mendean", adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak doluminak agertu dizkie Haritxelarren senideei eta Euskaltzaindiari. Hamabost urtez euskaltzainburu izandakoaren heriotzak eragin dion samina nabarmendu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. "Kontuan izan behar dugu euskararen alde lan eskerga egin zuela. Euskarak eta euskaldunok asko zor diogu", adierazi du.

Haritxelarrek "euskararen alde egindako lana, Euskal Herria aintzat hartuta aritu izana eta elkarlana" nabarmendu du Udalbiltzak. "Euskal Herria aintzat hartuta egin zuen lan Haritxelarrek euskararen akademian, euskara arautzen eta zabaltzen, balioa ematen". Halaber, Euskaltzaindian zela "instituzioekin, erakunde sozialekin eta herritarrekin elkarlanean" jardun zuela gogora ekarri du Udalbiltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.