Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko nazioarteko egunean, BERRIAk Idurre Eskisabel, Josebe Iturrioz, Ikoitz Arrese eta Maite Kintanilla (Ikasle Abertzaleak), Maribi Ugarteburu (Ezker Abertzalea) eta ELA sindikatuaren iritziak jaso ditu.
IRAULTZA (Idurre Eskisabel)
Bazen gizon bat beti ezkutatzen zuena frankismoak kartzelan eduki zuela —baita espetxealdi horiek meritu eta ohore bihurtu zirenean ere— batzar klandestino batean atxilotu ordez beste gizon batekin zirrika ari zela atzeman zutelako. Bazen emakume bat, 7 seme-alaba eta biloba ugariko familia hazi eta alargundutakoan egin zuena lesbiana taldeekin harremanetan jartzeko urratsa, ia 80 urte zituenean. Bazen neska bat, gorputzetik erauzi ezin zuen desira ulergaitza zainak urratuz konpontzen saiatu zena.
Gertatutakoak izanagatik, iraganaren usaina dute, zorionez, istorio horiek. Heterosexismoa eredu eta aurreiritziak milaka ditugun arren, Cuéntame-koak edo Goenkale-ren lehen denboraldi urrunekoak ematen dute. Pentsa, ezkontzarekin kanonizatu ditugu sexu berekoen harremanak, eta PPko buruzagitzako kideak irten dira armairutik —Athleticeko futbolari bat baino ez zaigu falta, baina futbola,futbola da—. Benetan, badugu 2012ko ekainaren 28 honetan zer ospaturik. Orain, ordea,iraultza geratzen da egiteko: harremanak mendekotasun eta jabetzetan ainguratzen dituzten bikote derrigorrezko eta maitasun normatiboetatik askatzea, elkarbizitza eredu berriak irudikatzea. Iraultza intimoa, iraultza handia.
BOILERAK KALERA! (Josebe Iturrioz)
Lesbiana naiz eta harro nago! dio kontsignak. Nire kasuan, ez dakit norbait egongo den ez dakiena lesbiana naizena, hala ere, idatzi honen helburua ez da neure burua armairutik ateratzea, ez. Armairua txikitzea da nire xedea; beste era batera esanda, joera sexualen naturalizazioarekin bukatu nahiko nuke. Hau da, heterosexualitatea eta homosexualitatea, guk asmatutako sexu-kategoriak dira, baina ez dute islatzen sexu, genero eta desiraren arteko harreman konplexua. Erabiltzen ditugun kategoriak, analitikoak dira, ez naturalak.
Ni ez naiz lesbiana soilik emakumeekin oheratzen naizelako. Gizartean, toki jakin batean kokatzen nauelako definitzen naiz boilera gisa. Boilera izen politiko bat da, eta ez ditu nire praktika sexual guztiak mugatzen. Arau heterosexistetatik, nire gorputza ateratzen duen praktika politiko bat da boilerismoa. Arau heterosexuala gorputz guztiei inposatzen zaie, erregimen produktibo bat da, umeak era jakin batean erditzeko, eta gizartea era jakin batean kudeatzeko.
80ko hamarkadan mugimendu feministak antolatutako manifestazio bateko pankartak zera galdetzen zuen: Zergatik zara heterosexuala? Galdera itzultzea eta heterosexualitatea bera zalantzan jartzea, bere kondizio natural eta hegemonikoa zalantzan jartzea da. Askok beldurra diote lesbianismoari, kutsakorra edo eranskorra dela diote. Arrazoia dute, jende bat hasia delako uhin pansexualen artean mugitzen. Hau da, desira gorputz ezberdinei atxikitzen zaie, sexu berekoei, kontrakoei, anbiguoei, eta askotan objektuetara ere lotzen da. Desira gure gorputza mugitzen duen pultsio indartsu bat da. Gure izaera definitzen laguntzen du, eta gizartearen arauetatik eta konbentzioetatik haratago doa. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea hurrengo ekainaren 28an, askok ez dugula gutxiengo baten sexu-aukera aldarrikatuko. Izan ere, gehiengoari inposatzen zaion sexu-erregimen bat salatzera joango gara.
HETERONORMAK IRAULIZ, ASKATASUNEAN HEZI (Ikoitz Arrese eta Maite Kintanilla, Ikasle Abertzaleak)
Ikastolako matrikulazio paperaren aurrean dago Aiert parez pare. Gu hari begira gaude, eta hutsuneak, berriz, betetzeko zain. Aitaren izen-abizenak laukitxo batean jarri behar dira, amarenak bestean. Amorruz, boligrafoa hartu eta Aita hitza ezabatu du Aiertek. Ama jarri du alboan.
Txirrinak jo du eta berriz ere Malen urduri dago. Amantala soinetik kendu eta gelatik korrika atera da. Guztiak begira geratu zaizkio. Arnasestuka eskola sarrerara hurbildu da: «Kaixo, aita; kaixo, Mikel. Goazen arin etxera», esan die beti legez. Aita bere bikotekidearekin eskolara bila etortzen zaion aldiro berdina esaten du, norbaitek ikus lezakeenaren lotsaz.
Inauteriak gainean dira Yahiaren herrian. Aukeratu dute ikastetxean jantziko duten mozorroa: Pirritx eta Porrotx. Baina Yahia haserre dago. Berak, Pirritx izan nahi badu ere, Porrotx izan beharko duela aditzen du behin eta berriz. Yahiak, hala ere, badaki bibotedun sudurgorriaren azpiko mozorroan nor ageri den.
"Irati, nor gustatzen zaizu, Aitor ala Markel?". Irati isilik gelditu da berriz. Aitor gustuko du, baina Leirerekin egotea izugarri gustatzen zaio eta Olatzen irribarrea ikaragarri maite du. Oier, berriz, lagun bikaina da. Lagunen galdera horiek, ordea, erantzun posible bi baino ez dituzte, antza.
Ikasgai oso bat gorputzeko atalak ikasteko, bataren zein bestearen funtzioak ezagutzeko. Haur bat izateko bidea pausoz pauso memoriaz ikastera behartua. Baina orain ispilu aurrean paratu da Aratz, bere gorputzari begira. Eta ikasitakoa buruan, ez du oroitzen nola gozatu, ez daki inoiz inon norbaitek hori nola egiten den erakutsi dion. Bere gorputzaren aurrean ezezagun sentitu da.
Aztoratuta daude gaur 4. DBHko ikasleak. Oihuka eta urduri, nobedade baten aurrean egongo balira legez. "Zer gertatzen zaizue?", galdetu du harrituta norbaitek. "Sexualitate tailerra daukate", izan da erantzuna. Nobedadea bai, ikasle guztientzat.
Milaka gazte mendiz mendi. Lehenbiziko aldiz doaz Hodei, Auritz, Eneko eta Hiart bertara. Ilusioz iritsi dira helmugara. Eta bertan, era berean, lehenbizikoz dutxatuko dira laurak batera. Urduri daude, elkarri esaten ez badiote ere. Gunea askea omen da, baina horretarako ekin egin behar. Enekok Ioritz eta Xan ezagutu ditu hitzaldi baten ostean. Gustura dago haiekin. Eta bere kolkorako pentsatu du... "gaur bai, iraultza nire baitan hasten da. Eurekin ligatzen saiatuko naiz".
Egunerokoan, heziguneetatik hasita, hamaika oztoporen adibide ditugu Aiert, Yahia, Auritz, Hiar edota Iratiren istorioak. Izen baten pean, atxikitutako izaera bat.
Txikitatik entzuten zer izan behar garen, indarrez inposatuz zer maitatu behar den... dio Zapalduen Olerkiak. Egungo sistema kapitalista patriarkalak, heteronorma oinarri hartuta, eredu zurrun eta hertsi bat inposatzea du helburu, bere iraupenaren mesede. Familia eredu bat, harreman eredu jakin bat eta erreprodukzio hutsa oinarri.
Sistemak berak, boteredunen beharretara egokitu eta eliteek erabakitako rol eta normen arabera funtzionatzen du. Heteronorma da inposatzen digutena. Neska edo mutil jaio, soineko arrosa edo kamiseta urdina jantzi, obeditu, gizonezkoek gidatutako munduaren barruan egon, bertakora egokitu, edo bertatik at uzten zaituzte. Nirekin zaude edo nire kontra. Gizonezkoa, zuria, diruduna eta heterosexuala. Hori da nahi duten jendarte eredua.
Sistemak iraun dezan beharrezkoak zaizkion balioak sortu, garatu eta definitzen ditu. Botereak erabakitzen du balio bakoitzaren mugak zeintzuk diren, eta ariketa hori da manipulazioaren gailurra. Eta beste behin ere, hezkuntza erabiltzen du horretarako tresna gisa. Balio horien garapena jaiotzen garenetik hasten den prozesu bat da. Jendartean ezarrita dauden arau sozialek erakutsi nahi digute gazte-gaztetatik nolakoak izan behar dugun, zer maitatu behar dugun, nolako harremanak garatu behar ditugun, zer eta nor gustatu behar zaigun… azken batean, zer den zuzena eta zer ez, eurek gu zer izatea nahi duten.
Baina hau guztia aldatzea posible da, iraultza gure baitan hasten da. Egungo harreman ereduak landuz, aztertuz eta eraldatuz, benetako askapen prozesua abiatzea lortuko dugu. Heteronormen kateak hezkuntzan ere hautsi behar ditugu. Egungo sistemak hezkuntza baliatuz inposatutako generoen baitako heziketa garatzen duela jakitun, Euskal Herriak behar duen eskola eredu askatzaile eta hezkidetzailea eraikitzen jarraitu behar dugu euskal ikasleok. Generoetatik at, ikaslea bere hezkuntza prozesuan protagonista izango duen eskolaren alde borrokatzen jarraituko dugu. Hezkidetza hezigunez hezigune landuz lortuko dugu hori.
Korridoreetan, ikasgeletan, patioan, nor bere gorputzarekin, lagunekin, ezezagunekin, kalean, auzoetan... ekainaren 28an bezala, urteko egun guztietan, euskal ikasleok eskola eredu askatzailearen alde borrokatuz, heteronormak irauliz, garena aske izanda, harreman ezberdinak landu, sexua gozatu eta askatasunean heziko gara.
EUSKAL HERRIA ASKE NAHI DUGU, PERTSONA ASKEZ OSATUA (Maribi Ugarteburu, ezker abertzalea)
Ezker Abertzaleak aldaketa politiko eta soziala ekarri nahi du herri honentzat. Aldaketa sozial horrek pertsona guztien eskubideak, parekidetasuna eta harreman eredu berria eskatzen du. Harreman eredu bat non inor ez den egongo besteen gainetik edo azpitik. Pertsona askez eta eskubide guztietan parekide diren pertsonez osaturiko Euskal Herri askea dugu xede.
Zentzu horretan, Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen askatasun eta harrotasun egunaren atarian, Ezker Abertzaleak argi ikusten du, aurrerapen handiak eman direla azken urteotan bai normalizazioan eta bai bisibilizazioan. Baina, hala ere, oraindik orain sexualitatea, afektibotasuna eta giza harremanak heteronormatik eta monogamiatik at bizi dituzten herritarrek bazterkeria egoerak bizi dituzte, pertsona guztien arteko ekitatera ez baikara inondik ere iritsi.
Arreta berezia merezi duelakoan gaude, heziketaren zentzurik zabalenean, familia ereduen aniztasunak. Askotariko harreman afektibo eta familiarrak egotea errespetatu beharreko errealitatea ez ezik, jendartearen aberastasuna ere badela uste dugu, jendarte zabal eta ongi hezituaren seinale; askatasuna eraikitzeko prestatua dagoen jendarte batena.
Tamalez, oraindik orain Euskal Herrian ere ematen dira pertsonen aniztasunarekiko jarrera eta ekinbide erasokorrak, Eliza Katolikoaren goi estamentuaren aldetik, edo eta sektore soziopolitiko erreakzionarioenen aldetik. Gai honetaz esango genuke homofobia eta transfobia direla benetan jokabide patologikoak, heziketaren bidez sendatu beharrekoak.
Ezker Abertzaleak, esan bezala, harreman eredu askeen alde egiten du, herri aske baten bidean. Ildo honetan pertsona guztiak animatu nahi ditugu duten maitasun, zoriontasun eta afektibotasun guztia nahi duten eran parteka dezaten.
Gainera Euskal Herrian luze zabalean biharko egunerako eginiko deialdiekin bat egin nahi dugu, eta berauetan aniztasunaren alde parte-hartzeko deia egiten dugu, aldaketa sozialaren bidean
SEXU-HAUTU LIBREA ETA KLASE-HARROTASUNA (ELA sindikatua)
Hara! 2012ko ekainaren 28an klaseko sindikatu abertzale batek, ELAk, bat egin du lesbiana, gay, transexual eta bisexualen (LGTB) harrotasunaren eta eskubideen egunarekin, eta bere egin du aldarrikapena.
Erakundeetan (ez askotan ere) bandera koloreduna zabaltzen den egun honetan eta gay friendly kontsigna nonahi hedatzen delarik, sindikatu garen aldetik gure ekarpenik berezkoena lan-mundutik abiatzen da, eta hau da gure adierazpenaren oinarria.
Aitortu beharra dago, eta inor ez da harrituko, esatean mundu sindikala eta esparru laboralarekin lotutako beste sektoreak ez direla aitzindariak izan LGTB kolektiboen eskubideei dagokienez.
Ustez gure diskurtsoan eta ideia politikoetan badago ere, kolektibo hauen borroka sarri esparru pribatura edo banako kontu baten mailara mugatuta geratzen da; eta badakigu espazio pribatua banakoaren eta isiltasunaren sinonimo dela, gauza publiko eta agerikoen aldean. "Izenik ez duenak ez du izanik".
Baina zera publikoa eta pribatua, isilpekoa eta agerikoa izatea kontrajartzen diren ekuazio honetan zergatik ez dugu berreskuratuko ideia bat? Alegia, "pertsonari dagokiona ere politikoa da?" Gure etxe eta logelen barnean gertatzen den guztia despolitizatzen bada, hau ez da kasualitatez izaten.
Arau orokorretik aldentzen diren gorputz, nahi eta bizi-hautuek gure jendarte eredua errotik zalantzan jartzen dute. Gure bizimoduaren ardatz heteropatriarkalarekin talka egiten dute, hau jendartearen "koipeztatzaile natural" gisa oharkabean baitago hor. Lan-merkatua beste euskarri normatibo bat bilakatzen da klase eta kasta sozial zein ekonomikoen sistema honetan.
Horrenbestez, esparru laboralean zigortu egiten dira arau orokorrarekin bat ez datozen genero-identitate eta -hautuak, are gehiago emakumeen kasuan. Agian ez da zuzenean izango, baina zeharka lesbofobiak, homofobiak edota transpatologizazioak egitura sozial eta ekonomiko guztietan du eragina.
Gaurko egoeran moralaren eta ohitura zaharren aitzindariak indarrez oldartzen dira eta hierarka neoliberalekin ezkonduta daude; hortaz, "lan-merkatuan pertsona guztiei tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzea" saihestu ezineko printzipioa dugu, eta horri egunetik egunera gero eta kutsu politiko handiagoa eman behar diogu.
Negoziazio kolektiboa eta gure ekintza sindikala edukiz bete behar dugu eta proposamenak egiteko baliatu. Bai, baita LGTB pertsonen eskubideen aldeko borrokan ere.
Lantokietan bete beharreko neurri eta ekintzak lortu behar dira, plataforma erreibindikatiboetatik eta are berdintasun-planetatik hasita. Ezin da onartu lanpostu bat lortzeko unetik bertan jarraitzeko uneraino, edo garapen profesionala erabakitzerakoan, hautu sexual desberdina, arauzkoa ez den genero-identitate bat edota horiek agertzea diskriminazio eta desberdintasun faktore bihurtzerik.
Egungo garaiok gure aurkakoak badira ere, eta olde sozial, moral eta ekonomiko neokontserbadore bati aurre egin behar diogun arren, gizarte-mugimenduek eta sindikalismo erreibindikatiboak bat egin behar dute tamaina horretako erasoen aurka.
Halaber, sakoneko ordenamendua astindu ezean, gure pentsamolde, gorputz eta agenda politikoak aldatzea oso zaila izango da, politika, kultura edo jendarteko pertsona ospetsu bakan batzuk armairutik irten, sexuz aldatu edo noizbehinka gure genero-identitateak zalantzan jarriagatik ere.
Tokiko erakundeek ere azken aldion LGBTen adiskide direla aldarrikatzen dute, baita sentsibilizatzeko kanpainak eta horrelako gauzak egin ere, baina era berean mantendu egiten dituzte sexu-askatasunaren aurkako eta ordena eta arauzko jokabidea sagaratzen dituzten udal-ordenantzak eta idatzi gabeko legeak.
Beraz, aitortuz zaila dela betidanik ezkutuan eta dikriminatuta izan diren LGBT kolektiboen aldarrikapen sozial eta laboralak politizatzea eta agenda orokorrean sartzea, ELAk ekainaren 28 honetan bat egiten du borroka egun honekin, klaseko harrotasunez eta sexu-hautu askea aldarrikatuz.
E28, LGTIQB KOLEKTIBOAREN NAZIOARTEKO EGUNA (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Ekainaren 28an LGTIQB (lesbiana, gay, transexual, sexuarteko, queer eta bisexual) kolektiboaren eguna ospatzen da, batzutan “sexu askatasunaren” eguna bezala ere ezagutzen dena. Urtemuga hori ezaguna izan arren, askotan, jendeak ez daki zer ospatzen den, gizarteak zer omentzen duen. 1969ko ekainaren 28an, trabesti, mari-mutil eta mari-ero talde batek aurre egin zion poliziari, jazarpenari, irainei eta indarkeriari. Egun batzutan, ezkutatuta eta izututa egon behar zuten pertsona horiek berak, kalera irten ziren, esateko ez zutela lotsarik erakusteko zein ziren, zein itxura zuten eta nolako harremanak zituzten. Ez dugu ahaztu behar historiak gogor zigortu duela praktika sexualen intsumisioa, heteronormatibitatetik kanpo dagoen guztia, eta baita ere, genero nortasunaren inguruko anbiguotasuna: trans pertsonak, mari-mutilak edo maritxuak.
Gauza jakina da Osasunaren Munduko Erakundeak ez zuela homosexualitatea despatologizatu 1990. urtera arte, eta gaur egun, oraindik, transexualitatea buruko gaixotasuntzat hartzen da eta genero disforia moduan definitzen da psikiatriako eskuliburuetan (DSM eta CIE). Ez da ahaztu behar LGTIQB kolektiboak mundu osoan nozitzen duen jazarpena: bortxaketa kolektiboak egiten dira lesbianak “sendatzeko”; transexualak diskriminatzen eta estigmatizatzen dira, batzutan erail arte; sexuarteko haurrei ebakuntzak egiten zaizkie, genero identitate jakin batekin haztera behartzen dira, bakoitzaren gorputzaren errealitatea zein den esan gabe... Horrelako gauzak egunero gertatzen dira mundu zabalean. Giza eskubideen gai bat da, hau da, oinarrizko eskubideen gai bat.
Ez gaitezen nahastu. Ez da gutxiengo batzuen arazoa, baizik eta pertsona orok lesbofobiarik, homofobiarik eta transfobiarik gabe bizitzeko eta garatzeko duen eskubidea sendotzea. Erakundeek indarkeria matxista, lesbofobo eta transfoborik gabeko gizarteak ziurtatu beharko lituzkete. Beharrezkoa da ulertzea homofobiak maskulinotasun hegemonikoen eraketan duen zeregina. Mutikoei erakusten zaie maritxuak ez izaten, sentiberak ez izaten, nigarrik ez egiten. Neskak, berriz, hobe kiroletik eta jostailuzko pistoletatik urruti ibiltzen badira. Gure gizarte heterozentratu honek aurrera egin behar du eta ulertu behar du praktika heterosexualak ez direla besteak baino hobeak edo naturalagoak. Beste aukera bat gehiago dira. Premiazkoa da matxismoa, homofobia, lesbofobia eta transfobia azterketetan eta diagnostikoetan sartzea.
Generoa, sexua eta desira gai konplexuak direla ulertzeko gai izan behar dugu, elkartu eta gurutzatu egiten direla eta, gaur egun, horren konfigurazioak diskriminazio larriak sortzen dituela. Ez dugu ahaztu behar zertaz ari garen hizketan, hau da, nola konfiguratzen garen pertsona moduan, nola izaten ditugun gure harremanak, nola parekatzen eta elkartzen garen eta nola ugaltzen garen.
Egia da legea asko aurreratzen ari dela, baina orain artekoa hasiera besterik ez da izan, eta beharrezkoa da askoz ere gehiago egitea. Lesbofobiarik, homofobiarik, transfobiarik eta matxismorik gabeko gizartea gizarte hobea dela ulertu behar dugu.
Hori guztia dela eta, Foru Gobernuak honako adierazpen instituzional hau onartu du:
1) Foru gobernu honek konpromisoa hartzen du transexualitatearen despatologizazioaren alde, genero disforia DSM eta CIE psikiatriako eskuliburuetatik kentzea exijituko du eta Transexualitatearen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Sarera bidaliko du adierazpen hau.
2) Informazio eta sentsibilizazio ekintzak sustatzea, kontzientzia solidario berri bat sortzea ahalbidetuko dutenak, eta lesbiana, gay, transexual eta transgeneroenganako jarrera aldatzen eta horienganako aurreiritziak eta fobiak ezabatzen lagunduko dutenak, herritarren eskubide guztiak benetan erabiliz bizitzeko aukera izan dezaten.
3) Herri administrazioetako langileen trebakuntza sustatzea, zeharkako ikuspegi batetik generoarekin, lesbofobiarekin, transfobiarekin eta homofobiarekin zerikusia duten gaiak sar ditzaten.
4) LGTIQB kolektiboen eskubide eta askatasun publikoen defentsa politikoki laguntzea diskriminazioaren kontrako politika aktiboak sustatuz, sexu orientazioak eta identifikazioak normalizatze aldera. Lan horretarako jarrera erabat irekia erabiliko da aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko.