"Gernikako Akordioa sinatzen dugun eragile politiko, sindikal eta sozialok, eta gaurko manifestazioarekin bat egin duten beste eragilek, Auzitegi Konstituzionalak euskal preso politikoei zigorra luzatzeko doktrina ontzat eman izana irmoki arbuiatzen dugu. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia oso larria da, lehenik eta behin, oinarrizko giza eskubideen aurka egiten duelako. Baina, horrez gainera, gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia da, gobernuaren borondate falta agerian uzten duena.
Parot doktrina aski ezaguna zaigu, justizia eta eskubideen ikuspegitik askotxo baitira zalantzan jarri izan dutenak, bai Euskal Herrian, bai eta nazioartean ere. Auzitegi Konstituzionalak, ordea, mendekua bilatzen duen eta salbuespenekoa den doktrina lege bilakatzea erabaki du.
Erabaki honek oinarrizko giza eskubideen aurka egiten du, kondena bete duten presoak kartzelan mantentzea legezko bilakatzen baitu, askatasunerako giza eskubideari atea itxiz eta bizi osorako kartzela zigorrari bide emanez.
Auzitegi Konstituzionalaren erabaki hau gure herriaren bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso zuzen gisa interpretatzen dugu. Estatuko botere eta aparatuek nabarmen utzi dute Euskal Herrian ireki den agertoki berriaren aurrean duten borondatea zein den. Estatuak blokeo egoera ezarri eta betikotu nahi du, gatazkaren konponbide politiko eta demokratikorik nahi ez duelako eta bere asmoa bakea eraikitzeko aukera zapuztea delako.
Gauzak horrela, Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragileok aterabide demokratikoa erdiesteko gure konpromisoan berresten gara. Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa eta sendoa dugu; euskal herritar guztiok garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia.
Inmobilismo eta blokeoaren aurrean, gatazkaren konponbidean inplikatzea eta honen alde jardutea funtsezkoa izango delakoan gaude. Orain arte bezala, aurrerantzean ere, konponbidean aurrera egiteko eta haren aurkako trabak gainditzeko, herritarron inplikazioa eta bultzada erabakigarria izango dela argi baitugu. Estatu espainiarrak eta PPren gobernuak bakea eraikitzeko aukerei jarriko dizkien oztopo handien gainetik, aurrera egingo dugu, aurrera egin behar dugulako, ez baitago besterik, gehiengoak ez duelako bakea eta konponbidea ez den besterik nahi.
Gure aldetik lanean jarraituko dugu, izenpetu genuen akordioa bere osotasunean garatu dadin, gatazkaren arrazoiak konpondu eta ondorio guzti-guztiak gaindituak izan daitezen, konponbideak osoa behar baitu izan, demokraziari bide eman behar baitio, eta ez du galtzailerik bilatu behar, guzti-guztion onura eta garaipena baizik, bakea eta demokraziarekin guztiok irabazten baitugu".