Su eman diote Espainiako bandera bati Berbintzanan

Jaietan gertatu da. Alkateak salatu du bi pertsona eskailera batekin igo direla udaletxeko balkoira, eta Espainiako bandera eraman eta erre egin dutela.

2016ko abuztuaren 17a
13:25
Entzun

Berbintzanako bandera, Nafarroakoa eta Espainiakoa, hirurak zeuden udaletxeko balkoian jaiak hasi zituztenetik, joan den asteburutik. Jose Txokarro alkateak (UPN) jakinarazi du salaketa bat jarriko duela, eta "azkeneko muturreraino" eramango duela, "delitua" delako gertaturikoa.

Astelehen goizean, udal langile batek deitu zion alkateari, udaletxeko balkoitik Espainiako bandera kendu eta gero herriko beste leku batean erre zutela abisu emateko. Alkateak azaldu du Larragako Udalari eskatu diola beste Espainiako bandera bat, balkoian jartzeko.

Festak hasi aurreko egunetan, ikurrin batzuk agertu ziren herriko leku batzuetan, eta udalak kendu egin zituen. "Ez dugu onartuko, inondik inora ere, Berbintzanako gehiengoak nahi ez duen bandera bat inposatzea", adierazi du alkateak orain. Horren ostean gertatu da norbaitek Espainiako bandera lapurtu eta erretzea.

Geroa Baik ere kritikatu egin du banderari su eman izana: "Bortxakeria erabiltzea inoiz ez da bidea. Banderak erretzea inoiz ez da konponbidea". Hala ere, zehaztu du Nafarroak sinboloen lege berri bat behar duela, "lege integratzaileago bat", herritar guztien sentimendu eta pentsamenduak errespetatuko dituena.

Ekain hondarrean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak irizpideak bateratu zituen banderak leku publikoetan erabiltzeari buruz, eta ebatzi zuen festetan ikurrinak jarri izan direnean "lege iruzurra" egin izan dela. Harrezkerokoa da polemika eta eztabaida, udal batzuek, ikurrinari legokiokeen tokian, mastak hutsik baitituzte epaiaren ondorioz, eta ikurren erabilerari buruzko eztabaida goritu baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.