Suhiltzaileak kontrolpean hartu dute gauean Antsoaingo herri zaharreko baselizan (Nafarroa) bart pizturiko sua, Ezkaba mendian. Agintariek esan dutenez, ez da baso sutea, baizik eta eraikinean pizturikoa.
Antsoaingo herritarrek eta suhiltzaileek su-ebakiak egin dituzte baselizaren inguruan, sua mendira zabal ez dadin. Herriko etxeak ez dira arriskuan egon, eta biztanleek ez dute atera behar izan.
Irailaren amaieran beste sute bat piztu zen Ezkaban. Orduan, Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari Amparo Lopezek herritarrei eskatu zien ez joateko suak kiskalitako guneetara, arriskutsua zela eta. Sua eskualdeko garraio publikoko ibilgailuen gordetegira hurbildu zen orduan, eta pertsona zaurgarriak dauden Xabierko Frantziskoren egoitzara. Halere, azkenean ez zuten hustu behar izan azken hori.