EAE-ko justizia auzitegi nagusia

Subijanak justizia errestauratiboa lortzea du helburu

Iñaki Subijana magistratuak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidente kargua hartu du. Besteak beste, genero indarkeriaren biktimak bi aldiz biktima egitea ekidin nahi du. Pandemiarako «araudi zehatza» eskatu die legegileei.

Kargua hartzeko ekitaldia, gaur eguerdin, Bilbon. MIGUEL TOñA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 29a
15:20
Entzun

Iñaki Subijanak hartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidente kargua. Garbiñe Biurrunenek pasatu dio lekukoa, lan horretan hamar hilabetean behin-behinean aritu ostean. Subijana magistratu progresistak Juan Luis Ibarra ordezkatuko du, hark erretiroa hartu duelako. Kargua hartzeko ekitaldia gaur egin dute, Bilbon. Bertan, bederatzi helburu finkatu ditu; besteak beste, justizia errestauratiboa eta elebiduna lortzea. Subijanak gazteleraz egin du hitzaldi osoa, hitz bakan batzuk izan ezik.

Bere jardunerako bederatzi helburu zehaztu ditu. Justiziak «biktimei eragindako min bidegabearen erreparazioren» aldeko apustua egin behar duela iruditzen zaio. Bide horretan, justizia errestauratiboaren alde egin du Subijanak, betiere. Bi aldeek hala nahi duten kasuetan, eremu penalean eta espetxeetakoan, bi helburu lor daitezkeela nabarmendu du: «Pertsonak berriz elkarrekin konektatzeko beharrak betetzea, dela biktimentzako justiziaren gakoei helduz —egindako min bidegabearen erantzukizuna hartzeari, min horren erreparazio material eta emozionalari eta halako beste balio batzuei loturik—, dela eska daitezkeen erantzukizun guztiak eskatuz eta justizia publikoaren aginduak betetzea, eragindako bidegabekeria aitortuz eta horrek eragindako desoreka konponduz».

Justizia elebiduna izatea ere jarri du helburutzat, «epaitegiekin eta tribunalekin komunikatzen diren pertsonen hizkuntza eskubideen erabilera eraginkorra ahalbidetuz». Bide horretan, garrantzitsua iruditzen zaio epaileei euskara ikastea erraztea.

Birbiktimizazioa saihestea helburu

Genero bazterketako kasuetan, justiziak babestu egin behar duela azpimarratu du. Horrenbestez, hainbat neurri bultzatu nahi ditu Subijanak: biktimei dituzten eskubideen inguruko informazio hobea ematea; biktimak ez birbiktimizatzeko, epaileei eta tribunalei horren inguruko jakintza ematea; instalakuntzak egokitzea... Gainera, guztientzat eskuragarria izango den justizia bat nahi du Subijanak. Hori lortzeko, hainbat aldaketa proposatu ditu: besteak beste, aniztasun funtzionala atzemateko laguntza izatea eta informazio «argia, erraza eta ulergarria» eskaintzea.

Haurrei eta adinekoei ere begiratu nahi die Subijanak. Haurren kasuan, ekintza judizialak haien egoerara eta garapenera egokituta egin daitezen nahi du, adituen laguntzarekin, haien intimitatea babestuz eta ulertzeko moduko hizkera erabiliz.

Justiziaren alorrean ere digitalizazioaren beharra ikusten du: «Eztabaidaezina da — pandemiak argi erakutsi du— justizia sistemak egokitu egin behar duela gizartearen garapen teknologikora».

Arau zehatzen eskean

Ezin zen bestela izan, eta pandemiak baldintzatu du gaurko kargu-hartze ekitaldia. Subijanak hizpide izan du COVID-19aren pandemia. Legegileengana nahiz tribunalengana zuzendu da: «Araudi zehatza» eskatu die  lehenengoei; bigarrenei, berriz, «argi» azaltzea gobernuen murrizketen inguruan hartutako erabakiak justifikatzen dituzten irizpideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.