Sugarra itzal ez dadin

Egindako bideari segituko diote gaurko mobilizazioek, zaintza eredua auzitan jarrita. Eusko Jaurlaritzak emakume aitzindariak goratuko ditu, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, feminismoaren lorpenak.

Iazko mobilizazioa, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iazko mobilizazioa, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 7a
14:00
Entzun

Emakume batzuek piztutako sugarrei esker egon da bizirik gizarte berdinzale eta justuago baten aldeko borroka. Egindako bidea aintzatetsita, jarraipena izango dute gaur hainbat moldetako borrokek eta aldarriek, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituzten dozenaka mobilizazioetan. Mugimendu feministak zaintzen auzia jarriko du ardatzean. Eusko Jaurlaritzak emakume erreferenteak hartu ditu gogoan Zuetaz harro kanpainaren bidez; eta Nafarroako Gobernuak mugimendu feministari esker egindako aurrera urratsak aitortu eta egiteko daudenak ekarri ditu gogora.

Mugimendu feministak, aldez edo moldez, gizarte eredu hau irauli, eta bizitzak erdigunean jartzeko zaintza sistema publiko, komunitario eta unibertsalaren ideia gizarteratu du. Erakundeetaraino iritsi da gogoetagaia. Zaintza lana egiten duten emakumeen prekaritatea azalerarazi, salatu, baldintzak duintzeko sistema publiko integral bat aldarrikatu eta zainduak izateko eskubide unibertsalerako baldintzak sortzeko proposamenak definitzen aritu da azken hilabeteetan. Eskaera horiek erakunde publikoen agendetan sartzea eta egutegietan finkatzea da hurrengo urratsa. Aldarri horiekin interpelatu asmo ditu mugimendu feministak erakunde publikoak eta gizonak, gaur. Horretarako, honako leloa hautatu du aurten: Gure bizitzekin negoziorik ez. Arduratu zaitezte ja.

Leloaren lehen partearen bidez, zaintzaileen lan baldintzak bistarazi eta salatu nahi dituzte. Leloaren bigarren parteak erakundeak eta gizonak interpelatu nahi ditu. Erakundeak, orain arteko politika jakin batzuek eragin dutelako zaintza zerbitzuen pribatizazioa; eta gizonak, maiz zaintza komunitarioaren kontzeptuaren pean ezkutatu delako emakumeek hartzea zaintza lanak bere gain, doan. Ardura hartzera deituko dituzte.

Ikuspegi integrala

Gaur arreta hor jarrita egongo bada ere, horiek zaintza lanari lotutako ertz batzuk baino ez dira, ikuspegi integrala landu baitu mugimendu feministak, etxeko langileen kolektiboekin, zaintza lanetan dabiltzan langileekin, senideekin eta sindikatuekin batera, azken urteetatik hona egin duen prozesuan.

Udazkenean aurkeztu zuten aldarrikapen taula, eta epe motzeko eskaerak honakoak ziren, besteak beste: zaintza duinen unibertsaltasuna eta sistema publikoa aldarrikatzeaz gain, etxez etxeko laguntzen pribatizazioa amaitzea eta sistema publikoa garatzea aldarrikatu zuten. Atzerritarren Legea bertan behera uztea, etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea, etxez etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lan saria ezartzea eta zaintzeko denborak bermatzea. Horiek epe laburrean egingarri diren eskaeratzat jo zituzten.

Hiriburu guztietan deitu dituzte mobilizazioak gaur arratsalderako. Eskualde buruetan eta zenbait hiritan ere izango dira protestak. Xiberoko Talde Feminista ere indartzen ari da pixkanaka. Topaketa deitu dute gaurko, Atharratzen, 17:00etan, Prefosta elkartean.

Itaiak, bere aldetik, beste mobilizazio batzuk deitu ditu. Emakume langileok borrokara, sozialismoa eraiki lelopean hedatu dute mezua. Mobilizatzeko deia egin dute, «emakume langileon zapalkuntzarekin amaituko duen gizarte sozialista eraikitzeko bidean».

Katebegiak

Erakundeek ere Emakumeen Nazioarteko Egunerako kanpaina egin dute. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudelek adineko emakumeek belaunaldi gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatu nahi izan dute eta belaunaldien arteko harremana sustatu. Zuetaz harro lelopean egin dute kanpaina. 

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak kanpainaren aurkezpenean esan zuenez, «ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da». Haien erreferentzialtasuna eta aitzindaritza goratu nahi izan dituzte kanpaina horrekin. «Berdintasunerako bideak ireki dituzten emakume anonimoak» agerrarazteko deia egin zuen, eta kanpainaren oinarrizko hiru mezu nabarmendu: «Belaunaldien arteko harremanaren garrantzia», «berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko rola» eta «adineko emakumeen balorazioa». 

Esther Apraiz Eudeleko presidenteak kanpaina honetaz baliatu nahi izan du Euskal Herriko emakumeen historia berreskuratzeko, «emakumeek eta borroka feministek berdintasunaren aurrerapenean egindako ekarpenak aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita». 

Aitortza

Nafarroako Gobernuak beste puntu batean jarri du arreta. Hainbeste lortuta, hainbeste lortzeke. Feminismo gehiagorekin aurrerantz jarraitzen dugu. Lelo horrekin, egindako aurrera urratsak ekarri nahi izan dituzte gogora, batez ere zenbait lanbidetan ikusgarritasun soziala eskuratu duelako emakumeak. Patricia Abad Nafarroako Berdintasun institutuko zuzendariak aitortu zuenez, mugimendu feministaren eskaerei esker lortu dira: «Gizarte osoak jasotako eta politika publikoen bidez bideratutako eskaerak dira, historian zehar emakumeen bizitzetan benetako lorpenak ahalbidetu dituztenak, eta, gainera, txertatzen diren gizarteen kalitate demokratikoaren adierazle direnak». 

Aitortza horren ostean, egiteko daudenak ekarri zituen gogora. Garrantzitsutzat jo zuen egiturazko desberdintasunaz jabetzen ez diren edo gizartea jada berdintasunezkoa dela pentsatzen duten herritarrak sentsibilizatzea. Eta bereizi nahi izan zuen legezko berdintasunaren eta benetako berdintasunaren artean, baldintzetan eta emaitzetan aldea dagoela iritzita. Horien guztien kontzientzia hartzera deitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.