politika

Suhiltzaile katalanak dira, baina bost orduan eduki dituzte polizia etxean

Frantziako Poliziak astearteko tiroketan parte hartu zuten ustezko etakidetzat jo zituen atzo, eta bideoa sarean jarri zuen. Dammarie les Lys inguruan oporretan dauden katalan suhiltzaileak dira, baina. Hala ere, polizia etxean galdekatu egin dituzte. "Gauzak hobeto egin genitzakeen", dio Rubalcabak.

2010eko martxoaren 20a
20:04
Entzun
Atzo eguerdian Frantziako Poliziak lau haizetara zabaldu zuen bideo hau: haren arabera, ustezko bost etakide ziren, astearteko tiroketan parte hartu zutenak. Paris ondoan izan zen gertaera -Jean Serge Nerin polizia hil zen-, Dammarie les Lysen, eta irudiak han ingurukoak dira: Villiers en Biereko Carrefour merkataritza gunekoak.

Ez dira, ordea, ustezko etakideak, baizik eta Kataluniako suhiltzaileak; hiru Generalitatekoak eta bi Bartzelonako Udalekoak. Kataluniako Gobernuak eman du abisua gauerdian, eta jakinarazi du oporretan daudela suhiltzaileok paraje haietan, eskalatzera joanda. Frantziako Poliziari eskatu dio kentzeko bideoa Internetetik.

Frantziak aitortu du akatsa egin duela, baina gaur suhiltzaileok euren kabuz Melunera joan dira eta polizia etxean eduki dituzte bost orduz, galdekatzeko. 15:00etan geratu dira 'libre'. Parisen gaur gauean bertan hegazkina hartzekoak dira etxera itzultzeko.

Oscar Gonzalez da suhiltzaile horietako bat, eta TVEn adierazi du harrituta daudela bostak, "une batetik bestera etakidetzat jo gaituztelako". "Kezkatuta" daude, "kalte" egin dietelako irudiak zabaldu izanak.

"Gauzak hobeto egin genitzakeen", aitortu du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak. "Akatsaren erantzule sentitzen naiz. Baina hipotesi horrekin lanean ari ginen". Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak, berriz, azaldu du "horrelakoak" ere gertatzen direla ikerketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.