Ezbeharra

Suhiltzaileek espero dute Eguaras barrutiko sutea datozen orduetan itzaltzea

Maria Txibite Nafarroako presidentea sutearen gunean izan da, eta aurreratu duenez, suteak erreserbaren %80-90ean eragin du.

Sutea Eguarasko barrutian, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 23a
19:07
Entzun

Asteartean piztu zen sua Eguaras barrutian, Nafarroako Bardearen ipar-mendebaldeko naturgunean, eta ordutik ezin kontrolatu ibili dira suhiltzaileak, baina azken orduetan baikor agertu dira: sutea egonkortuta, itzaltzeko bidean dira. Suhiltzaileek eguedian dute oraindik ezin dela sua kontrolatutzat jo, baina, baldintza klimatologikoek ahalbidetzen badute, hurrengo orduetan itzaltzea aurreikusten dutela. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea ere ezbeharra gertatu den zonaldean da, Bardeako presidente Jose Maria Agramonterekin batera. Kalteen inguruko behin betiko kalkuluen zain dauden arren, aurreratu du garrek naturgunearen %80-90ean eragin dutela; 1.225 hektarea ditu barrutiak.

Sutea astearte arratsaldean piztu zen, zereal zelai batean, eta Eguarasko saihesbidearen zuhaiztia izan da gunerik kaltetuena; batez ere mailarik baxuenetan, ia erabat erreta dago dena. Halere, sua ez da leku guztietan intentsitate berdinarekin hedatu. Horregatik, zaila da zehazten zenbatekoa izan den erre den gainazala. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak ohar bidez berretsi duenez, kalte «larriak» eragin ditu suteak, balio ekologiko handiko eremua delako.

Garrak itzaltzeko lanen inguruan, gobernuak «zuhurtzia» eskatu du, sua egonkortuta dagoen arren, ez dagoelako erabat kontrolpean. Txibitek adierazi du suhiltzaileek «lanean» jarraitu behar dutela, eta haien jarduna zaildu dutelako azken egunetako tenperatura altuek eta inguru horretan dauden lursail lehorrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.