Atzo 19:00etatik gaur 08:30era arte hogei abisu izan dituzte Bilboko suhiltzaileek, haize ufadek eragindako kalteen eraginez. Teilak eta pertsianak erori direla-eta joan dira suhiltzaileak, besteak beste. Guztira lau lagun zauritu dira azken orduetan haizetearen eraginez: bi Barakaldon, bat Bilbon eta beste bat Portugaleten. Horietako bi erietxeratu dituzte, zaurituta.
Loiuko aireportuan ere izan zuen eragina haizeak. Bertan lurreratzekoak ziren hiru hegazkin beste aireportu batzuetara joan ziren, eta bi hegaldi bertan behera utzi zituzten.
Nafarroako mendialdean ere hainbat arazo izan dira goizean haizeak eraginda. Narbarten goi tentsioko kableak erori dira errepidera, eta Iruñea eta Behobia arteko errepidea moztu behar izan dute. Sunbilan haizeak zuhaitz bat bota du NA-1210 errepidean. Arantzan, Erratzun eta Bera eta Ibardin arteko errepidean ere erori dira zuhaitzak. Suhiltzaileak eta foruzainak gau guztian ibili dira errepideak adarrez garbitzen, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.