Suizidatu nahian irten zela etxetik esan du epaiketan Benitez hil zuenak

Hiltzailearentzat 22 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, eta 25 urtekoa akusazio partikularrek

Hernaniko Urbieta kalean, Eduardo Benitez oroitarazten duten argazkia eta erramua, hil zuten lekuan. BERRIA.
mikel p ansa
Donostia
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«Defentsak onartzen du Sergiok hil zuela Eduardo Benitez; hori ezin da eztabaidatu. Baina saiatuko gara frogatzen ez zuela hiltzeko asmorik, eta ez zela izan traizioz egindako erasoa». Publikoak zurrumurru artean hartu zituen defentsako abokatuaren azalpen horiek, 2009ko maiatzean Hernanin (Gipuzkoa) gertatu zen hilketa argitzeko atzo Donostiako auzitegian hasi zen epaiketan. Akusatuak ez baitu ukatu Benitez hil zuela; horretarako asmorik ez zuela zehaztu du ordea: etxetik atera zela bere buruaz beste egiteko asmoz, hori argudiatu du zinpeko epaimahaiaren aurrean.

Hilketa bat izan zen, edo homizidioa, auzia puntu horretan ebatziko da, beraz. Fiskalak azaldu die ezberditasuna zinpeko epaimahaia osatzen duten herritarrei: homizidio kasuetan erabakitzen da hildakoak, nolabait, bere burua defenditzeko modua izan zuela, eta hamabost urteko kartzela zigorra ezar daiteke gehienez; hilketetan, biktimak ezin izan zuela defenditu ebazten da, eta hogei urte arteko espetxe zigorra ezar liteke.

Zigorrak epaileak erabakiko ditu, baina datu «aringarri» bat edo beste ikusiz gero zigorra hiru urtekoa izan daitekeela ere zehaztu du fiskalak. Adibidez, hilketaizan zenean hiltzaileak burua nahasia zuela frogatuko balitz. Laster erantzun du defentsak: «Hala da; homizidioa dela eta aringarriak daudela ebatziz gero, hiru urtera jaun hau kalean legoke [bi urte eta erdi daramatza kartzelan], baina hori da legeak dioena, eta arauak betetzeko gaude hemen».

Gertaerak argi daude fiskalaren iritziz; maiatzaren 16ko goizaldean, hiltzailea etxetik atera zen autoan, eskopeta bat eta kartutxoak hartuta, zenbait egun lehenago arte bikotekide izan zuen andrearen bila; Irunen lan eginda, Eduardo Benitezekin Lasarte-Orian egona zen andre hori, eta gero Hernanira joana.

Hiltzaileak emakumeari zenbait dei egin zizkion gauean, eta andreak dei horietako bati erantzun zion, goizaldeko seietan. Hernaniko taxi geltokian zegoela esan zion, eta hiltzailea handik hamar bat minutura agertu zen lekuan. Andreari besotik heldu eta etxera joateko agindu zion; ezetz erantzun zion hark, geroago hitz egingo zutela. Akusatua kotxera itzuli, eskopeta hartu, eta bi tiro eman zizkion Eduardo Benitezi, buruan bat eta sabelean bestea, Benitez andrearekin baitzegoen taxi geltokian ordu hartan. Benitezek alkohola edan eta haxixa erre zuela eta ezin zuela bere burua babestu, hiltzailea horretaz baliatu zela; hori da Fiskaltzaren bertsioa. 22 urteko kartzela zigorra eskatu du hiltzailearentzat, eta ehuna mila euro Benitezen oinordekoentzat.

Akusazio partikularrak —Benitezen ama eta hiltzailearen bikotekide ohia ordezkatzen ditu—eta Hernaniko Udalaren akusazio publikoak bat egiten dute Fiskaltzaren bertsioarekin, baina 25 urteko kartzela zigorra eskatu dute hiltzailearentzat, uste baitute hilketa gogortzen duten baldintzak daudela: alegia, nahita hil zuela Benitez, «ankerkeriaz», eta «nagusikeriaz abusatu» zuela. 300.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu du akusazio partikularrak.

Nahita edo nahasita

Defentsako abokatua ez da bat etorri iritzi horiekin, eta kontua ez dela «sinplea» argudiatu du: «Erabaki beharko da jabetzen zen zer egiten ari zen». Atzoko saioan akusatuak bakarrik deklaratu zuen, ez zela jabetzen azaltzeko. Ez zela jabetzen, eta ez dela oroitzen gertatuaz. Hilketa izan baino hamar bat egun lehenago, harremana etetea erabaki zuen zazpi urtez bikotekide izan zuen andreak; eta harreman horri buruzko deklarazio nahasiak egin ditu akusatuak, tarteka aitortuz harremana eten egin zela, tarteka adieraziz harremanak jarraitu egiten zuela. «Maiteminduta nago berarekin» ere esan zuen epaiketako une batean.

Lehenagotik ere harremana beste bitan eten zuten. Eta aldi horietako batean psikiatriko batean ere egon zen akusatua, bi egunez, bere buruaz beste egiteko asmoak zituela adierazi ostean. Handik irtenda, ordea, tratamendu psikologikoa hartzeari utzi zion; bikotekidearekin itzuli zenez ondo zegoela pentsatu zuen.

Akusatuak adierazi du behin baino gehiagotan saiatu izan dela bere buruaz beste egiten; «baina ez dut adorerik izan». Hilketa izan zen gauean ere asmo hori zuela adierazi du: bikotekide izan zuen andrearen aurrean suizidatu nahi zuela. «Nire bizitzak ez zuen zentzurik ja». Hilketa izan baino hamar bat egun lehenago erabaki zuen andreak harremana moztea, eta harrezkero «haxixa erretzen, lorik egin gabe, jan gabe» ibili zela eta nahasirik zebilela zehaztu du akusatuak: «Paranoia batean bezala ari nintzen bizitzen».

Hiltzaileak bazuen susmoa bere bikotekide izan zena beste norbaitekin zebilela, baina ez zekien Benitez zenik, hala adierazi du. Hiltzaileak bazuen tratua hildakoarekin; elkar ezagutzen zuten, eta dardoetan jokatzen ere ibiliak ziren elkarrekin. Aldi batez, bi ezagunek aipatu zioten emakumea beste norbaitekin zebilela, eta une horretan «mundua gainera» erori zitzaiola onartu du hiltzaileak.

Hilketa izan zen gauean ez zuela Benitez hiltzeko asmorik, baina zer gertatu zen ez dela oroitzen erantzun du akusatuak behin eta berriz: «Borratua daukat memorian». Baina baditu «flash-ak»: «bolbora usaina», bikotekide izan zuen andrearen negarra... Fiskalak galdetu dio bere buruaz beste egitekotan, zenbat kartutxo beharko lituzkeen. «Bat, noski», erantzun du akusatuak. «Orduan zergatik sartu zenituen hiru kartutxo eskopetan?», galdetu dio fiskalak segidan, eta ez dakiela erantzun du akusatuak.

Hildakoaren senide-lagunak eta akusatuarenak auzitegian zirela hasi zen atzo epaiketa, eta une gogorrik ere izan zen; pantailan Benitez hilda erakusten zuen argazkia jarri zutenean, esaterako. Gaur jarraituko du auziak, besteak beste akusatuaren bikotekide ohiaren lekukotasunarekin.

Bost gizonezko, preso hartuta

Asteburuan bost gizonezko atxilotu dituzte poliziek Bizkaian eta Araban, genero indarkeriako delituengatik: Bilbon bi, Muskizen bat eta Gasteizen beste bi. Beste gizon bat ere preso hartu dute, urruntze agindua urratzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.