Osasunbidea

Sukaldeen aferagatik jasotako "mehatxuak eta irainak" salatu dituzte langileek

Nafarroako Ospitaleen Guneko zaintzaileek eta erizain laguntzaileek agerraldia egin dute, eta ez dagokien lana eginarazi nahi dietela kritikatu dute.

edurne elizondo
2013ko otsailaren 5a
12:45
Entzun

Kexek eta protestek ez dute etenik. Mediterranea de Catering enpresak Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeetako ardura hartu zuenetik, inor ez da kontent. Etxe horretako langileek haien baldintzak salatu dituzte; zerbitzuaren kalitatea kritikatu dute gaixoek; eta orain, Nafarroako Ospitaleen Guneko langileek egin dute agerraldia. Erizain laguntzaileek eta zaintzaileek salatu dute haiei ez dagokien lana eginarazi nahi dietela eta "mehatxuak eta irainak" jaso dituztela, agindu horren aurka egiteagatik.

Osasunbideko eta Osasun Departamentuko arduradunen jarrera gogor kritikatu dute langileek. "Gure alde egin ordez, guri egotzi digute sukaldeetan egon diren arazoen ardura; sabotaje egin dugula erraten dute, gaizki egin dituztenak ezkutatzeko asmo bakarrarekin", erran du Miren Otsoa zaintzaileak. Argi utzi du orain arte egiten zuten lanari ez diotela, inondik inora, uko egin. "Baina ez gaude prest ez dagokigun lana egiteko". Orain arte, sukaldeko langileek eramaten zituzten janaria banatzeko gurdiak solairuetara, eta erizain laguntzaileek eta zaintzaileek banatu egiten zituzten geletan. Orain, berriz, gurdiak mugitzeko ardura ere haien esku utzi nahi dute. "Ezin dugu ahaztu hainbat langile bota dituztela sukaldeetatik; lantaldearen erdiarekin ari dira, eta ez zaigu ongi iruditzen guk egin behar izatea haien lana. Gure lan zama handitu nahi dute, enpresa pribatu bati mesede egiteko asmo bakarrarekin", azaldu du Otsoak.

Nafarroako Ospitaleen Guneko langileek berretsi dute ez direla prest egoera hori onartzeko, eta ez dute baztertu mobilizazioak egiteko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.