Koronabirusa

Sumatzen da irteteko nahia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko joan-etorriak baimendu ostean, erreserbak nabarmen ugaritu dira turismoari lotutako negozioetan. Alabaina, itxaropentsu bezain kezkatuta daude sektoreko eragileak, COVID-19aren datuen azken asteetako bilakaera ez delako espero eta nahi bezain ona.

jarraia195219.jpg
Miren Garate.
2021eko martxoaren 20a
11:58
Entzun

Landetxeetan, hartuta daude ohe gehienak. Jendea bisita gidatuak kontratatzen ari dela ikusten dute Goierriko Turismo Agentzian (Goitur). Lizarrustiko aterpetxean ez dute lekurik jada. Eta Donostian ziurtzat jotzen dute egun bakarreko bisitariak, behintzat, erruz izango dituztela. Mugitzeko gogoa igartzen dute turismo alorrean aritzen diren eragileek. Alabaina, COVID-19aren bilakaeraren datuak ez dira nahi bezain onak, eta aitortzen dute kezka handiz biziko dituztela datozen egunak. Aste Santuaren aurretik, gaur hasiko den asteburu luzea da pizgarrietako bat sektorearentzat, baina kontrolaezina bezain garrantzitsua den beste faktore bat ez da nahi bezain ondo portatu: eguraldia.

Donostia izaten da Gipuzkoako erakarpen gune nagusia aisialdirako. “EAE barruan mugitzea badagoenez, jende asko espero dugu Arabatik eta Bizkaitik. Badakigu eguna pasatzera etorrita ere jende asko ibiliko dela eta dendak beteta edukiko ditugula. Baina, hortik aurrera, oraintxe bertan ez dugu inolako aurreikuspenik. Egunez egun lan egiten ikasi dugu”, kontatu du Cristina Lage Donostiako Turismo zinegotziak. Sor daitezkeen pilaketen inguruko kezkarik ez dutela dio. “Horrek ez gaitu batere kezkatzen. Izan ditugu turismo askoko garaiak, eta jende pilaketa handirik ez da izan inoiz. Espazio ireki ugari ditu Donostiak, eta ez dugu saldu izan aglomerazioen turismo eredu bat”.

LIZARRUSTIRA BISITA GIDATUA

Turismoa zenbateraino bultzatu eta bisitarientzako zer-nolako jarduerak antolatu erabakitzeko orduan zalantzarik izan duten galdetuta, Lagek azaldu du turismoa sustatzeko kanpainarik ez dutela egin aurten. “Sentsibilizazio kanpaina bat egin dugu, enpatizatzeko eta bisitariei esateko haien falta sumatzen dugula”. Ekainetik aurrera dute promozio kanpaina bat egiteko asmoa, orain arteko iragarpenak kontuan hartuta, uste baitzuten ordurako Espainiako autonomia erkidegoetatik, behintzat, hartu ahal izango zutela jendea, eta, ziurrenik, beste herrialdeetatik ere bai. “Orain jada ez dakit zer esan. Ikusi egin beharko da txertaketa nola doan, beste olaturik dagoen eta abar”. Portzentajerik ez du zehaztu, baina esan du zenbait hotel oraindik itxita daudela Donostian, Arabako eta Bizkaiko bisitariekin bakarrik ez zaielako bideragarria ateratzen negozioa.

2019ko datuak berdintzear

Aurreko hilabeteetan egoera kaskarra izan dute Gipuzkoako landetxeetan ere. Herrien arteko joan-etorriak debekatuta egonik, asteak zeramatzaten bezerorik gabe. Martxoaren 5ean egindako Labiren bileran hartutako neurriek, ordea, haize freskoa ekarri diete. Bilera haren aurretik, Nekatur nekazaritza turismoko elkartean biltzen diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza etxeetako logelen %27 zeuden erreserbatuta Aste Santurako. Egun gutxian, %81era iritsi da kopurua. Iaz konfinamendu garaian suertatu zirenez egun horiek, orain bi urteko erreferentziak dituzte elkartean. “%88ko okupazioa izan genuen 2019an. Oraindik egun batzuk falta direnez eta eskaerak jasotzen jarraitzen dugunez, aldaketarik ezean, orduko kopuru berdintsuetara iristea espero dugu”, esan du Idoia Ezkurdia Nekaturreko kudeatzaileak.

Mugikortasun neurriei ez ezik, adi-adi erreparatzen diote beste datu bati ere: gehienez zenbat jende elkar daitekeen. “Logelakako lizentzia dutenek logela guztiak erabil ditzakete, eta, gune komunetan, %50ekoa da edukiera; horrek esan nahi du gosaltzeko eta abarretarako txandak antolatu behar direla”. Apartamentuak eskaintzen dituztenek ere ez dute arazorik. Bai, ordea, talde handientzat prestatutako etxeek. “Gehienez, 24 pertsonarentzat izaten dira hemen etxeak, eta horiek, oraingoz, geldirik daude, jendea ez delako prest egongo etxe horrek duen prezioa lau pertsonarentzat ordaintzeko”. Izan da jarduera behin betiko uztea erabaki duenik ere. “Baina erretiroa gertu zuen jendea izan da”.

Ezkurdiaren esanetan, ostatuen erantzukizuna izaten da zenbat jende hartuko den kontrolatzea. Bezeroaren jatorriari dagokionez, berriz, “informatu” egiten dutela dio. “Erreserba Nekaturren orritik eginez gero, guk badakigu bezeroaren jatorria; beste plataforma batzuetan ez da informazio hori jasotzen. Zer gertatzen da? Demagun Nafarroatik egiten dizutela erreserba bat; bada, badakizu ez dela hain segurua, harrapatzen badute etxera bidaliko dutelako eta bezerorik gabe geratuko zarelako”.

Udan atzerriko bisitariak hartzeko modua eduki ahal izateko, txertaketa nola doan ikusi beharko dela uste du. “Ezinbestekoa ikusten dugu txertaketa bizkortzea, horri esker kontrolatu ahal izango baita osasun egoera”. Basquetourrek joan den urteko udan egindako azterketa baten arabera, segurtasun aldetik, landetxeetan dute konfiantzarik handiena bezeroek. “Normalean edukitzen ez genuen bezero profila ere ari gara hartzen”.

Zer gertatuko den beldur

Naturari lotutako eskaintzaz gozatzea izaten da Goierrira jotzen duten bisitari askoren helburua ere. Zeraingo meategiak, Segurako kaskoko buelta, gaztandegietarako bisitak… “Mugikortasuna baimentzen zuen dekretua atera zenean, sorpresa hartu genuen, jende asko hasi baitzen deika”, kontatu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. Goierrin ere landetxeak izaten dira lehen aukera bisitarientzat, baina eskualdeko herririk handiena ere, Beasain, 14.000 biztanle ingurukoa da, eta gainerako ostatu motek ere badute arrakasta. Enpresei eta negozioei lotutako turismoak ere badu indarra eskualdean.

Joan den asteburua izan zen ondoko herritik harago joan zitekeen lehena, eta, Osinalderen esanetan, mugimendua igarri zuten ostatuetan eta eskualdeko turismo bulegoetan. Asteburu honetarako eta Aste Santurako ere hainbat jarduera antolatzen ari dira: bisita gidatuak museoetan, taloa egiten ikasteko tailerra, garagardo dastaketa eta abar. Aste honetan aurkeztu dute aurtengo sagardo garaia ere. Baina beldurrez daudela aitortu du. “Bi aste geratzen dira Aste Santurako, eta ez du ematen datuak onera doazenik. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko litzatekeen berriro mugitzea debekatuz gero”.

Beasain eremu gorrian sartu zen berriz ere astelehenean, nahiz eta orain horrek ez duen aparteko debekurik eragiten. “Kezka ez da Goierrira begirakoa bakarrik, orokorra baizik. Jakinekoa da birusa mugitu egiten dela, eta orain gu gauden arren gaizki, hurrena, akaso, beste batzuei tokatuko zaiela. Espero dezagun dena ondo joatea, sektoreak ezin baitu gehiago jasan”.

Kataluniarrak eta madrildarrak izan ohi dira Goierrira joaten diren bisitari gehienak. Aurten, berriz, Bizkaitik ari dira dei gehien jasotzen. Aurtengo egoera berezia den arren, muga guztiak irekitakoan gertuko turismoak hainbesteko arrakastarik izango duen ez du argi Osinaldek. “Iazko udan ikusi zen: libre uzten gaituztenean, jendeak beldurra galtzen du, eta kanpora jotzeko ohitura du. Zorionez, kanpotik ere etorri zen jendea Goierrira”.

Goierrin bertan dago Lizarrustiko parketxea. Kanpora atera ezin horren eragina igarri dutela esan du Jose Ramon Agirre arduradunak ere, batik bat Nafarroara joan ezinarena. Aurreko urteetan, aterpetxea ez zen betetzen Aste Santuan. Aurten, bai, betiere gehienezko edukierak uzten duen kopuruetan. Aste Santu osteko astea ere bete samar dute. “Normalean, bizpahiru egunerako etortzen da jendea. Hemengo basoguneak izugarriak dira, eta hainbat ibilbide daude”. Uztaila eta abuztua izaten dituzte hilabeterik jendetsuenak Lizarrustin; ikasturtean, berriz, eskolekin lan egiten dute, nahiz eta iaz eta aurten ez duten horretarako modurik izan. “Egoera honek esploratzera behartu du jendea: natur eremuetara joateko ohiturarik ez izan arren, probatzera gonbidatzen zaitu. Etxetik atera eta naturan aire freskoa hartzeak ikaragarri laguntzen du; energiaz beteta itzultzen zara etxera”, esan du arduradunak.

Alabaina, naturguneetako pilaketak ere kezka bihurtu dira azkenaldian: bide bazterrean gaizki aparkatutako autoak, irekita uzten diren atakak, zaborra, jendea behar ez zen eremuetan… “Eguraldi onarekin autoak pilatzen dira bide bazterretan, baina ez da oraingo kontua bakarrik: lehen ere gertatzen ziren halakoak. Egun jakin batzuetan, igual, bai, baina ez nuke esango hemen arazo bat dugunik horrekin”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.