Ibilgailuek jada erabil dezakete Bilboko Larraskitu auzoa eta Trapagaran lotzen dituen Supersun autobidea. Gaur goizeko 06:00etan ireki dute errepide berria eta doakoa izango da datorren asteazkenera arte gero, ordea, Supersurren jarritako lau ordainlekuak irekiko dituzte eta 1,08 eurora arteko tarifak ordaindu beharko dituzte ibilgailu arinek, eta 6.74 eurora artekoak astunek.
Supersurra Euskal Herrian inoiz eraiki den bide azpiegiturarik garestiena izan da, 900 milioi euroko kostua izan du eta lau urte behar izan dituzte 17,8 kilometroko bidea eraikitzeko. Ibilbide luzeko zirkulazioa hartzea du helburu Supersur deiturikoak -ofizialki AP-8 izendatu dute, hau da, A-8an Bilboaldearen inguruan izaten diren auto pilaketak arintzea.
Enbor nagusia lau gunetan lotzen da inguruko errepideekin: Ortuella-Portugalete-Trapagaran (A-8arekin, besteak beste), Galindo (Ballontiko ardatzarekin), Kastrexana (Kadaguako korridorearekin) eta Larraskitu-Buia (A-8 eta AP-68 autobideekin, eta Bilboko Miraflores sarbidearekin, besteak beste).
Bizkaiko Garraioen Enpresa Elkarteak (Asetravi) esan du ordainbideak "proportzioz kanpokoak eta jasanezinak" direla. Hiru sindikatua ere iritzi berekoa da eta horregatik protesta egiteko elkarretaratzea deitu du gaur Bilbon.