eusko jaurlaritza

"Suposatzen dugu atxiloketak funtsarekin egin dituztela"

2015eko irailaren 15a
16:39
Entzun

Guardia Zibilak Otxandion eginiko atxiloketen inguruan galdetu diote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu kontseilu osteko agerraldian. Erkorekak erantzun du Jaurlaritzak ez duela polizia operazioaren inguruko informaziorik eta xehasunen "zain" dagoela. Duen informazioa eskuan, Erkorekak "suposatzen" du atxiloketak "funtsarekin, arrazoiekin" egin dituztela.

Espainiako Gobernuko Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Martutenen egin ditu adierazpenak. Esan du estatuak "biktimen duintasuna babesteko eginbeharra" duela.

Sortuk, berriz, nabarmendu du Espainiako Estatuak "beste garai bateko operazio polizial ilunak" errepikatu dituela: "Estatu espainiarrak, kasu honetan Guardia Zibila erabiliz, modu zahar eta bortitzetan jarraitzen du, itsu, euskal jendartea eta oraingoan lau gazte hauen kontra errepresio zentzugabea erabiltzen".

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak eta Maribi Ugarteburu Sortuko Bizkaiko koordinatzaileak gogorarazi dute biktimatzat aitortua duela Jaurlaritzak Urigoitia: "Orain aldiz, erail zuten berberak datoz bere memoria gorde nahi dituztenak atxilotzera. Eta guk esaten dugu elkartasuna eta memoria ez direla delituak gizarte demokratiko batean, eskubide eta betebehar ere badira".

Aralarrek ere salatu du Guardia Zibilaren polizia operazioa eta egindako atxiloketak: "XXI. mendean oraindik ere bere jardun politikoagatik pertsonak atxilotzea zentzugabea eta oinarrizko irizpideen kontrakoa da".

Ernai gazte antolakundea kritiko azaldu da atxiloketekin: "Elkarbizitzaz eta memoriaren kontakizunaren inguruan teleberriak eta egunkarietako orrialdeak betetzen dituzten bitartean, ez digute utzi nahi gure lagun eta senideen memoriak gogoratzen. Gaurko atxiloketokin argi geratu da gure Herriaren memoria zapaldu nahi dutela, iraganean ahaztuta gelditu dadila".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.