DENBORALEA

Suprefeta ikertzen ari da ea olatuek etxegabe bat itsasora bultzatu duten Miarritzen

Hamar metrorainoko olatuak neurtu dituzte Donostian. Olatuengatik alerta laranja eman dute gaurko.

Itsasoa gainezka Donostian. J. E., EFE
2014ko urtarrilaren 7a
12:14
Entzun

Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostan olatu zakarrak eta haize ufada handiak izan ziren atzo iluntzean, eta, ondorioz, hainbat kalte material izan ziren. Besteak beste, Bermeon eta Elantxoben (Bizkaia) eta Donostian itsasoko ura kostaldetik gertuko eraikinetara sartu eta hainbat etxabek urez gainezka egin zuten. Donostian, Aldamar kaleko jatetxe batean, beirate guztia apurtu eta etxabeak ureztatu zituen olatu handien urak. Kalea itxi egin zuten. Baita Leizaola paseoa eta tenis klubaren ingurua ere.

Elantxoben, arraun taldearen eraikinean barrena sartu zen ura, eta hainbat ontzi eta traineru itsasora eraman zituen, arrastaka. Bermeon, hainbat etxabetan sartu zen ura, eta portuan lotuta zeuden zenbait itsasontzi amarretatik askatu eta itsasora eraman zituen, arrastaka.

Lapurdin ere egin ditu kalteak denboraleak. Lekuko batek ohartarazi duenez, aterperik ez zuen lagun bat eraman dute olatuek Miarritzen. Suprefetura ikertzen ari da hori horrela izan ote den. Horrez gain, kalte materialak ere izan dira, eta, esaterako, Miarritzeko kasinoan sartu da ura bart. Kalte gehiago izan ez dadin, hiru metro inguruko muino bat osatu dute hondarraz Miarritzeko kostaldean.

[Youtube]http://youtu.be/8AvrSxy4tRI[/Youtube]

Eusko Jaurlaritzaren larrialdi zerbitzuak eta meteorologia zerbitzuak alerta laranjaren plana zuten indarrean, olatuengatik. 3,5 metroko olatuak zeuden atzoko iragarrita, eta gauean 4,5 eta 5 metrora arte handitzeko arriskua zegoen iragarrita. Alertak indarrean segitzen du gaur eguerdira arte. Gaur 12:00ak arte olatu handiak espero ziren, baina arratsalderako itsasoa baretzea espero dute, olatuek behera egitea eta haize ufadak ere baretzea. Gauerako olatuak 3,5 metrokoak izango direla iragarri du Euskalmetek.

Haize ufadek itsasaldean bakarrik ez, Loiuko aireportuan ere eragin zituzten zailtasunak. Loiuko aireportuan (Bizkaia), hamabi hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten atzo, haizete gogorren eraginez. Beste bost hegaldik ere bidea aldatu behar izan zuten; Paristik, Palmatik, Sevillatik eta Munichetik zetozen hegaldi horiek. Bidea aldatu zuten hegaldiak lurreratu ziren Iruñeko aireportuan edo Miarritzekoan, eta denak onik atera ziren.

Gaur, ahulago

Hegoaldetik joko du haizeak gaur ere, baina atzo baino ahulago. Alerta laranja eman dute olatuengatik, eta espero da egoera eguerditik aurrera baretzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.