IPARRALDEKO IKASTOLAK

'Suprefetari'

Bihar Hendaian Seaskaren alde egingo den manifestazioaren harira Amets Arzallusek egindako zortzi bertso kaleratuko ditu bihar BERRIAk. Bertsoetako bat aurreratu du Berria.infok.

2013ko otsailaren 1a
19:19
Entzun

Zortzi bertso ditu sortak, eta hau seigarrena da:

Zuen eskutan utzi bagenu aspaldi zen putreen bazka,
bide zidor bat hartu genuen bere sasi ta gatazka,
ikastola bat horixe baita, esku lanaren adaxka,
hilkutxa baten egurretatik ateratako seaska.

 

Alderdi eta sindikatu abertzaleek manifestazioarekin bat egin dute

Bihar arratsaldeko bostetan Seaskak Hendaiako tren geltokian antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute alderdi eta sindikatu abertzaleek. ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute biharko manifestazioarekin.

LABek adierazi du "lotsagarria" iruditzen zaiola 1850 urtetik gaur arte "hinki hanka zutik iraun duen lege zaharkitu bat aplikatu nahi izatea", eta beste ikastola gehienaz gain, "inmertsiozko irakaskuntza sistema eta euskara bera" erasotzen dituela uste du.

Bestetik, ELAk adierazi du Frantziako Estatuak frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekiko duen "errekonozimendu eza", Iparraldearen "onarpenik eza" eta hezkuntza "politika tamalgarria" medio, ikastolak direla Iparraldean euskarazko eta euskal nortasunaren eta kulturaren baitako hezkuntza bermatzen duten ikastetxe bakarrak. Eta beraz, "biziki larria" iruditzen zaiola Baionako Suprefetak hartutako erabakia. Hori euskararen eta euskal kultura eta nortasunaren "aurkako eraso onartezina" dela salatu du, gainera.

Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak ere bat egin dute manifestazioarkein. Suprefetaren erabakia euskarazko murgiltze ereduaren aurkako eraso zuzena dela esan dute.

Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak ere erasotzat jo dute suprefetaren erabakia, eta manifestaldira deitu dute. «Euskararen alde urratsak, txikiak izanik ere, egiten ari diren garai hauetan, gibelamendu ñimiñorik ere ez dugu onartuko», adierazi dute.

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bertan izango dela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.