Balluerkak urriaren 21ean aurkeztuko ditu bere lantaldea eta programa, baina ildo nagusi batzuk aurreratu ditu, eta esan du bere unibertsitate proiektuak hiru zutabe izango dituela: hezkuntza eta prestakuntza, ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia.
"Sustraiak Euskadin dituen unibertsitatea" sustatu nahi du Balluerkak, "euskara normaltasunez erabiliko duena eta bere erabilera hiru arlo horietan eta kudeaketan bultzatuko duena", baina, aldi berean, "munduari irekia" eta "nazioarteko unibertsitaterik onenen parean" egongo dena.
Beste zenbait eragilerekin lankidetzan aritzeko beharra eta prestasuna agertu du Balluerkak, eta bereziki interesgarria iritzi dio mugaz gaindiko euroeskualdeko campusa eraikitzeari eta Bordeleko unibertsitatearekin hasitako lankidetzan sakontzeari.
Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) psikologian doktore da, eta irakasle lanetan aritu da EHUko Psikologia fakultatean, portaera zientzien metodologia arloan. 2009tik arlo horretako katedraduna da.