Sustraiak urrun dituzten hiztunei euskara ez «ukatzeko» deia egin dute

UEMAk kanpaina bat abiatu du euskaldun arrazializatuen inguruan usu egoten diren aurreiritziak apurtzen saiatzeko. Haur eta gazteen bizipenak dira kanpainaren muina

Kanpainaren aurkezpena, atzo, Ibarran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Ibarra
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi Hanna, Anastasia, Andriy Zunnurain, Lasanna, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen». Hitz horiekin hasten da atzo Udalerri Euskaldunen Mankomunitate UEMAk Ibarran (Gipuzkoa) aurkeztu zuten kanpainaren gaineko azalpenak emateko oharra; Egin nirekin euskaraz! izena du, eta horren bidez nabarmendu nahi dute udalerri euskaldunetan badirela «sustraiak» beste herrialdeetan izan arren Euskal Herrian «errotu» diren herritarrak, eta haien gaineko aurreiritziak apurtu behar direla, euskara inork «uka» ez diezaien.

«Askotan, azalaren kolorearengatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik, erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen», azaldu zuten. Lehen pertsonan ere hitz egin zuten kanpotik etorritako hainbat herritarren seme-alabek.

Gazteen ondoan izan ziren UEMAko lehendakari Martin Aramendi, Zaldibiako herri eskolako zuzendari Eider Amundarain eta Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendari Aitor Bengoa. Aramendik zehaztu zuen kanpaina honen abiaburua Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan izeneko egitasmoa dela. Zaldibian (Gipuzkoa) abiatu zuen aurrena UEMAk, Huhezirekin eta udalerriko hainbat eragilerekin elkarlanean. «Bertako ikasleen herenak kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira gaur egun, eta eskolak behar handia ikusi zuen haien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz».

Egitasmo hori udalerri gehiagotara ere zabaldu dute, eta kulturartekotasunaren lanketa horretan ikusi dute sarri «aurreiritziak» zama direla aurrera egiteko. Horregatik jarri dute martxan orain propio kanpaina hau, erakusteko euskarak «kolore» asko dituela. Horiek horrela, atzerritik heldutako herritarrei eta haien umeei ere euskaraz hitz egiteko deia egin nahi da.

Helduei begira ere bai

Kanpaina ez da gazteei begirakoa bakarrik. «Ikasleek hartu dute hitza », azaldu zuen Aramendik. «Baina helduek ere kontu bera esaten digute askotan: euskara ikasten egundoko ahalegina egin dutela, euskara ikasten ari direla edo euskara ikasi dutela, eta gero erdaraz hasten zaizkiela herritarrak. Beraz, kanpainaren irudietan ikasleak agertzen diren arren, helduentzat pentsatutako kanpaina ere bada», zehaztu zuen. Kezka nahiko zabaldua dela esan zuen Amundarainek. «Udalerri euskaldun askotan beharrezkoa ikusi dugu kanpaina hau».

Hamasei haur eta gaztek jarri diote bihotza eta ahotsa kanpainari, beren bizipenetatik. Bideo bat, kartelak eta diptikoak egin dituzte mezua zabaltzeko. Atzokoa izan zen lehen aurkezpena, baina gehiago ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.