Sutea

Sute bat piztu da Baztanen, eta 200 hektarea inguru erre ditu

Suhiltzaileak sua amatatzen saiatzen ari dira, baina hego haizea lanak zailtzen ari zaizkiela ohartarazi dute.

Otsailean Beran izandako sutearen irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko martxoaren 31
09:34
Entzun

Bidasoaldean sute larri bat izan zenetik aste gutxira, berriro ere isurialde atlantikoan piztutako sugarrak kezka eragiten ari dira. Erratzu udalerrian (Baztan, Nafarroa) ari dira suhiltzaileak lanean, Hauza mendiaren inguruan sutea kontrolatzeko asmotan. Bart piztu da sua, eta dagoeneko 200 bat hektarea kiskali dituela jakinarazi dute suhiltzaileek. Azaldu dutenez, ia osorik kontrolatu dute, baina ertz batean oraindik lan egin beharko dute guztiz amatatzeko. Hego haizea, malda pikoa eta hara iristeko bide falta lanak zailtzen ari zaizkiela ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du, haizeak aukera emango balu, airez saiatuko  liratekeela sua amatatzen, baina, oraingoz, hori ez dela posible. Eguraldi zerbitzuek 70 kilometro orduko haizea iragarri dute gaurko Nafarroako isurialde atlantikoan. Sutea Iñarbil auzoan hasi da, Hauza mendiaren inguruan, eta gertu ez dago ez baserri, ez bordarik. Sutea amatatzeko operazioan suhiltzaileak, foruzainak eta basozainak ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.