Sute handia izan da bart goizaldean Aian (Gipuzkoa), Urdaneta auzoko Markeskua baserrian. Goizeko ordubi eta erdiak inguruan piztu da sutea, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, eta laster zabaldu dira garrak baserri eta inguruetan.
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, bi etxebizitzakoa zen baserria: batean senar-emazte bikote bat eta haien hiru seme-alabak bizi ziren eta bestean gizonezko bat. Sei lagunak onik atera dira sutetik, eta senideen etxeetan aterbetu dituzte behin-behinekoz. Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak iritsi direnerako, baserriko sei bizilagunak kanpoan ziren, eta ez dute osasun zerbitzuen laguntzarik behar izan.
Ukuiluan hainbat abere zeuden, eta haietako gehienak ere salbatzea lortu dute suhiltzaileek, baina ardi batzuk hil egin dira.
Goizeko bostak eta hamar inguru arte ez dute lortu suhiltzaileek garrak kontrolpean hartzea, eta 800 metro koadroko baserria kiskalita geratu da. Suhiltzaileek badaezpada han jarraitzen dute, su txinparta berririk sor ez dadin.
Ezbeharra
Sute batek kalte handiak eragin ditu Aiako baserri batean
Urdaneta auzoko Markeskua baserriak hartu du su, eta sei bizilagunak onik atera diren arren baserria bera kiskalita geratu da. Sutea kontrolpean hartu badute ere, suhiltzaileek han jarraitzen dute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu