Sute handi bat sortu da Arraitzan, eta kiskalita utzi du baso eremu zabal bat

Pinudi batean piztu da sua, eta haizearengatik aise zabaldu dira garrak; hiruko eskalan, bigarren alarma maila ezarri dute

Sugarrak eta ke handia atzo arratsaldean, Arraitzan. Atzeko aldean, ke artean, herrigunea ageri da. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Sute handi batek aztoramen handia eragin zuen atzo arratsaldean Arraitzan (Nafarroa). Basogune batean sortu ziren garrak, 16:15 inguruan, eta haizearen eta inguru lehorraren eraginez azkar zabaldu zen sua. Pinua, haritza eta artea erre da batez ere. Sua asko zabaltzen ari zela-eta, Espainiako larrialdi zerbitzuei laguntza eskatu zien Nafarroako Gobernuak. Atzo azken orduan kontrolpean hartzeko zituzten garrak, eta suhiltzaileek gau osoa zuten han igarotzekoa, su eremua egonkortzeko. Artean ez zekiten nola sortu zen sua, ezta zenbateko baso eremua erre duen ere.

Lizarrako eta Cordovillako suhiltzaileek eta Nafarroako Gobernuko helikopteroek hartu zuten esku hasieran. Azken egunetan sute ugari izan dira Nafarroan, txikiak gehienak. Atzokoak, ordea, eremu handia hartu zuen. Arratsaldeak aurrera egin ahala, alarma jo zuen Iruñeko gobernuak, eta laguntza eskatu zuen Espainian. Aragoiko eta Errioxako larrialdi zerbitzuek eta Espainiako militarrek ere hartu zuten parte sua amatatzeko lanetan. Denera 11 aireko, 63 suhiltzaile eta 100 militar aritu ziren lanean.

Sua «tamaina oso handikoa» zela ohartarazi zuen gobernuak, eta garrantzi hori eman zion: hiruko eskalan, bigarren alarma egoera ezarri zuen. Espainiako Gobernuari eta autonomia erkidegoei laguntza eskatzeko bidea eman zion izendapen horrek.

Etxerik eta horrelakorik ez zen sutearen inguruan, baina beldurra bazuten Erreniegako parke eolikoarekin; haize errotetatik hurbil izan zen sua une batzuetan, eta babes hesi bat egin zuten hara garrak hel ez zitezen.

Jimenez, sute lekuan

Iluntzean sute lekura joan zen Roberto Jimenez, Nafarroako Gobernuko presidenteordea. Eskura dituzten baliabide guztiak sua itzaltzeko jarri dituztela nabarmendu zuen, Arraitzan bertan antolatu zuten larrialdi postuan. Artean sua kontrolatzeko zuten, eta Jimenezek ez zuen hari buruzko datu gehiago eman. Arretaz jokatzeko eskatu zien herritarrei suaren arriskuagatik, eta segurtasuna hobetsi dutela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.