Sute txiki batek kalte txikiak eragin zituen atzo eguerdian Tolosako Seniderik Gabeko Adingabe Atzerritarren Larrialdiko Harrera Zentroan. Sutea etxearen bigarren solairuan gertatu zen; une horretan etxean zeuden pertsonek -horien artean zortzi adingabek- ez zuten inolako kalterik izan. Sua azkar itzali zuten arren, solairu hartako bi gelatan kalte txikiak eragin zituzten sugarrek. Sutea nahita sortutakoa izan daitekeela ohartarazi du Ertzaintzak. Hori dela-eta, polizia etxera eraman dituzte bi gazte.
Tolosako zentroan zeuden adingabeak tokiz aldatzeko plana hasi zuten duela bost egun, otsailaren 12an. Horrenbestez, hasierako asmoen arabera, Tolosako zentroak ateak itxi behar zituen atzo, adingabe guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen beste zentroetara mugitu ostean.
Duela astebete, 42 adingabe inguru zeuden Tolosako zentroan, baina, gaurko sutea gertatu denean, zortzi baino ez ziren gelditzen han. Suteak ez du adingabeak mugitzeko planean eraginik izan, Aldundiko Gizarte Politika Departamentuak bidali duen prentsa oharraren arabera. Plan horren barruan, 50 bat adingabe inguru mugituko ditu Aldundiak Gipuzkoako beste zentroetara.
Arabako Aldundiaren eskaria
Gurasorik gabeko adingabe etorkinak zentrotik zentrora mugitzen ibiltzeko joera mugatzeko eskatu zuen, atzo, Covadonga Solaguren Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzu Saileko diputatuak. Duela bi urte, Aldundiak 59 adingabe artatu zituen, baina iragan urtean 178 izan ziren. Horren aurrean, Espainiako Hezkuntza eta Gizarte Politikarako Ministerioari babesa eskatu zion Aldundiak, eta proposamena egin zuen, lurralde bakoitzak har ditzakeen adingabeak zehazteko, biztanle kopuruaren arabera.
«Gure ustez, autonomia erkidego guztietan egoera konpondu, eta jarduera protokolo homogeneoak ezarri behar dira», nabarmendu du Solagurenek. Sortuko diren beharrei aurre egingo die Aldundiak, Solagurenen hitzetan, nahiz eta batzuetan adingabeak Gasteizko Udaleko zentroetara bideratu behar izan dituen. Araba solidarioa den arren, «solidaritatea lurralde guztietan» izan behar dela gehitu du.
Sute txikia sortu da adingabeen zentroan, Tolosan
Sua nahita egindakoa izan dela uste du Ertzaintzak, eta bi adingabeko eraman ditu polizia etxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu