Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du suteen berri. Horietako bat Andoaingo Urkiondo negutegian piztu da goizean, Gipuzkoan, eta hura itzaltzeko lanetan dihardute suhiltzaileek. Haizearen eraginez, zailtasunak izan dituzte sua itzaltzeko. Ke handia bota du, eta Urnietan ere antzeman zitekeen.
Beste sute bat izan da goizaldean Cobaronen, Muskizen (Bizkaia). Hiru baserri hutsarazi dituzte, eta hura ere amatatu dute. Zeanurin, 03:30 aldera piztu da basoan, eta Areatzan ere sortu da. Getxon, berriz, Artean zuhaizti batzuk erre dira, eta BI-637 errepideko errail bat moztu behar izan dute Berangorako norabidean. Sute horiek kontrolpean dituzte suhiltzaileek.
Inor ez da zauritu bost suteetan. Jaurlaritzak alerta horia eman du haizeteengatik eguerdira arte, espero baita orduko 100 kilometroko haize ufadak izatea.