Barakaldoko (Bizkaia) Profusa enpresan sutea piztu da gaur eguerdian eta horren ondorioz inguruko zortzi eraikin hustu eta inguruan 500 metro itxi dituzte. Izan ere, gas leherketa bat gertatzeko arriskua zegoen. Sua kontrolpean dago dagoeneko baina gas biltegiak hozteko lanetan ari dira.
Enpresak jakinarazi du langileek ez dutela kalterik jasan baina osasun etxera hurbildu dira badaezpada. Suhiltzaileak eta Eusko Jaurlaritzako larrialdietarako teknikari bat bertaratu dira. Auzokoen esanetan gas usaina nabaritzen zen atzo Profusa inguruetan.
Hilabete hasieran Eusko Jaurlaritzak enpresaren aurkako zigor txostena ireki zuen, ustez isuri kutsagarriak emititzeagatik. Profusak kokea egiten du, eta ingurumenaren kontra egiteagatik hainbat salaketa jaso ditu azken urteetan.